Esteban Irusta Mallea: 'Zentzugabekeriak'
Bizitza zentzugabekeriz beteta dago, itxuraz, kanpotik begiratuta. Baina barrura sartuz gero, bere zentzua izaten dute. Barrenean, batzutan, ezagutzen ditugun interesak izaten dira,eta bestetan ezagutzen ez ditugunak.
Zentzugabekerien artean Espainiaren aldeko politikari, kazetari eta hizketariekin aurkitzen gera egunero. Galdezka jarraitzen dute zergatik katalanak eta euskaldunak ez dauden konforme, ez dauden gustura Espainiako Estatuaren barruan, hain «garrantzitsu», hain «indartsu», hain «demokrata» izanez. Harro sentitzen dira euren Espainiako partaide izateaz. Sentimendu hori izatea normala da. Bakoitzak bere sentimenduak ditu, baina espainiarrak ez direnei sentimendu horiek eskatzea zentzugabekeria, ezinezkoa da.
Eta hori gertatzen da katalan eta euskaldun askorekin. Gure nortasun agirian «español» bezela agertzen gara, baina horrek ez du esan nahi horrela sentitzen garenik.
Gure aldetik, Espainiaren kide izateak ez digu erakartzen. Behar bada, garai bateko pertsonek horrelako sentimenduak izango zituzten eta oraindik ere izango dituzte. Baina asko gara harro sentitzen garenok geure herri txiki honen kide izateaz.
Espainiarrek ez dute onartzen kataluinarren banatzeko erabakia. Kasu honetan ere zentzugabekeria agerian agertzen da. Espainia «zatiezina» omen da, konstituzioan, lege nagusian agertzen den eran
Nazio baten bizi maila ez dago lotuta bere neurriaz; edo bai. Txikien bizimaila hobea dela ikusten dugu munduan zehar. Baina bizimailaz gainetik sentimenduak daude. Bakoitzak bereak ditu, eta horiek ez dira aldatzen lege edo dekretuen bitartez. Espainiako agintariak lan horretan dabiltza ehunka urtetan, eta ez dute ulertzen edo ez dute ulertu nahi gure espainiar sentimendu eza. Horregatik kataluinarren banantzeko erabakia ez dute onartzen. Kasu honetan ere zentzugabekeria agerian agertzen da. Espainia «zatiezina» omen da, konstituzioan, lege nagusian agertzen den eran. Hitzak berak azaltzen duenez, gizakiok ados jarri arren, aldaezina dena. Jainkoak berak sortutako lurralde sakratua, ukituezina, omen. Horrela baldin bada, ez dago arduratu beharrik. Espainiako agintariek ez dute urduri jartzeko arrazoirik, zatiketa ezinezkoa baldin bada gizakiontzat. Baina, badaezpada, Jainkoagan baino Armadan fede gehiago dute, eta hor dago zain, beste indarrekin batera «zatiezina» zatigarri bihur ez dadin.
Beste zentzugabekeria PPkoek erakusten digutena da. Inoiz «plater» bat apurtu ez duten bezala agertzen ari dira, Ezker Abertzaleari eskatuz, exijituz mila barkamen. Eliza berak, bere garai indartzuenean ere ez zuen hainbeste exijentziarik pekatari handienekin. Parkamena eskatzea ondo dago zerbait gaizki egiten denean, baina bakoitzarena baztertuz, besteei eskatzea zentzu gutxi baino gutxiago du. Eta ez ditugu gogoratuko Espainia aldetik Euskal Herriari egin zaizkion kalteak, larriak eta kontaezinak baitira. Iragana alde batera utziz eta gaurko garaira pasatuz, euskaldunen kontrako erasoak ez dira bukatu. Horien artean, une honetan, denok ezagutzen dugun Altsasuko kasua dago. Benetan onartezina estatu zibilizatu batean. Horrelako gertaerak erakusten digute Espainia ez dagoela Europako beste nazioen mailan, politika mailan. Batzuk esaten dute, ez zirela arabiarrak alperrik egon Espainian 800 urtez, eta haien aztarnak, fundamentalismoan oinarrituz, oraindik ez direla guztiz desagertu.
Dena den, alboan daukagun beste estatu «handiaren» portaera ere, Ipar Euskal Herriarekiko, ez da atzean gelditzen.