#etorkin horreek gogaituta nauke
Gogaituta nauke.; aspertuta. #etorkinak direala edota #immigranteak eta #migranteak direala-eta. Esan dot. Eritxia emoteko kontuaren atxakian, esan beharra euki dot.
Honen hasierea izan zan, neuk uste, orain dala hogeita hamar bat urte. Urte horretako urriaren 14ean abioia Ameriketako huriburu baten hartu neban. Bertatik maleta bete gogo eta ilusinoz urten neban Euskal Herriruntz. Ailegau nintzan estauko hiriburura eta handik EHko aireporturik garrantzitsuenera. Handik hiru bat hilera enterau nintzan, amerikar urten neban arren, amerikarrak yankiak zirela eta neu sudakia. Subamerikanua-edo. Eta #etorkina.
Amerika-Paris-Miarritze hegaldi horreetatik urte batzutara euki neban bixipena kontau behar dot. Parean tokau jatan Diputazinoko diru-tesoreriarako beharginak –udaleko gizarte-langiletzat kontrataua nonbaitz–, azaldu eustan zelako interesgarria izan ahal zan #etorkinen alkartea egitea herrian.
Alkartea? Zetako? Kanpotik etorrita dagozala-eta, zetako batu kanpotik etorritakuk? Ze kanpokotatik etorrinekuk? #etorkin etiketa jasogarri geneukanen artekoen batzarra egin… zetako?!
-: Ta, ordun, #etorkin ez bahaz; ze haz, ba? –tabernan batek. -: jukin, etiketi bihar badok –erantzun neutsan–. Batzutan jukin.
Eta zer da, ba, #jukina?
#jukina: mundua aditzeko arau batzuk eta esanahi batzuk beste nonbait eregi zituana; dagoan inguruan ezin aurkitu leikezan arauak eta esanahiak, mundua ulertzeko darabilzana.
#jukina litzateke, beraz, bildots-egunean herrian mezkitarik ez egotearen faltaren mina daukana. Eta #jukina da Gasteizko campusean erdi itota dabilan ispastertar gazte ailegau barria edo, NewYorken urte batzuk pasauta eta Gernikara bueltata, herrikeriek itota bizi dan gernikar-gernikarra. #jukina gaztetatik itsasoan bizimodua atara eta bapora kendu dalako lehorrean lanean hasten dana; #jukinak dira zure aititamumak, bankura pagaten joan ta tranmiteak cajero automaticoan egitearen ventajak explicachen dizkion estudiatuaren aurrean. #jukina zu zeu medikuagana ailegateko oraingo bide gatx eta labanak ez dotsunean medikurik ikusten ixten. #jukin izatea zer dan badakizu, irakurle. Neuk be bai.
#etorkin izatea, berriz, ez dago argi ze izan daitekeen norberarentzat. Lehin trenakekarriniku zan haxe bera, gitxi-asko. Etiketa bat, tag bat, lar ez pentsatzekoa eta jentea «kudeatzeko» baliogarria.
Zerrendako #jukin horiei esan leioe paleto, handinahi, trakets, zahar… geure burua argi –normal–, herritar –normal–, moderno–normal– eta gazte –normal– hartuta.
Irakurle, beste amerikar baten kanta motz bateko egi handia dakartsut: de perto, ninguém é normal [hurretik inor ez da normala].
Hurrunekoaren faltak #jukin egiten gaitu, jun dana goguan daukogula, edo jun garina badakigulako.
Mundial bakotxean #jukin ni. Gernikako Bocan edo Kaixaon etxeagoan, behinik behin.