Etorkinak
Gizakiak beti migratu izan du alde batetik bestera. Garai luze baten, ez ziren existitzen gaur ezagutzen ditugun estatu eta nazioak, ezta beraien arteko mugarik. Horrela, askatasunez, gizakia bere animaliekin gehienetan, hara eta hona ibiltzen zen bizitza aurrera ateratzeko. Jabe gabeko lur sailak zabalak ziren bizi zen jende gutxirentzat, eta leku baten ez bazen, beste baten lasai bizitzeko aukera zuten. Mundua mugarik gabeko tokia zela uste zuten.
Geroago, mende eta urte asko igaro ondoren, munduko biztanleak ugaritu zirenean, lurjabetzak etorriko ziren, eta horiek burruka eta iskanbila luzeak sortu zituzten.
Gaur egun, lur sailak baino aberastasun gehiago sortzen dute beste baliabide askok. Garai luzetan, ia gure denboretara arte, gizakiak urte guztirako behar zuen jana lortzea zuen helburu. Baina beste toki askotan oraindik ez dira iritsi helburu horiek betetzera, eta arrazoi desberdin askorengatik, gaur egun, oraindik, gosez hiltzen den jendea dago. Beste aldetik, gaurko komunikabideek, munduko bazter guztietan gertatzen denaren berri ematen digute, eta denok gara jakitun nolako desberdintasun ekonomikoak dagozen nazio batzuen eta besteen artean. Horrela, ez da harritzekoa toki txiroetan bizi den jendea aberats lurraldeetara joaten ahalegintzea. Afrika, Asia eta Hego Amerikako lurralde askotan, milioika pertsona egoera ekonomiko eta baldintza eskasetan bizi dira. Baita Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan ere. Toki guztietan dagoz pobreak eta egoera txarrean bizi direnak. Baina pobreen artean ere desberdintasun eta alde handiak dagoz. Toki batzuetan pobreek laguntza handiagoak, baldintza hobeak dituzte.
Migrazioen beste arrazoi bat gerra eta istilu larrietatik libratzea da. Bakoitzak dituen arrazoiak alde batera utziz, gaur egun ikusten ari garen migrazioaren errealitatea larria da. Hurbiletik bizitzen ari gara gure artean. Eta hor dabiltza Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako agintariak arazoa konpontzeko zer egin ez dakitela. Herritarren artean bi jarrera bereiz daitezke: batzuentzat estatuen mugak ezin dira onartu eta.
Pertsona guztiak aske dira edonora joateko; beste batzuen iritziz, aldiz, askatasun horrek ondorio larriak izango lituzke. Lurralde bakoitzeko nortasuna, kultura eta abar arriskuan jarriko lituzke, eta ondorioz, beste istilu berriak sortuko lirateke. Etorkinak ugaritu eta etxekoak baino gehiago izatera iristen badira, egoera guztiz alda daiteke. Kultura desberdinak aberastasuna dira, baina arriskua ikusten dute kanpokoena etxekoen gainetik egotea, tokikoa desagerraraziz.
Fenomeno hau historia osoan toki askotan gertatu da. Euskal Herria bera ez da arrisku horretatik libratzen, eta neurri baten, iraganean, antzeko gertaera baten lekuko izan da. Europa mailan, puri-purian dago gaia, eta oraingoz ez da konponbiderik ikusten. Eztabaidak aurrera jarraituko du, baina espero dogu herrien nortasuna errespetatuz, irtenbideak aurkituko dituztela.