Etxekoandreak
1937ko apirilaren 26ko sarraskia gogoan, une haietako argazkiez osatutako esposaketa dago, eta bertan, bereziki hunkitu nau bonbardaketa osteko egunetan janari bila joan ziren emakume talde baten irudiak. Garai batean amumak kontatzen zizkigun gerra-gose garaiko kontuak etorri zaizkit burura, eta historikoki etxekoandreek betetako paperean pentsarazi dit. Izan ere, mendeetan etxekoandreak izan dira etxearen eta etxekoen mantenuaz arduratu direnak. Hauen «berezko» zereginak izan dira etxekoen elikadura, janaririk egon arren, familiakideen eta komunitatearen zaintza edo eta garbitasuna, orain dela gutxi arte bizirauteko bermea izan dena.
Industrializazioarekin batera, emakumeak lan merkatu produktiboan sartzen hasi ginen, ondorioz, lan bat izatetik bi lan izatera pasatu ginen horrela. Elektroresnen berrikuntzek zeregin hauek erraztu baditu ere, oraindik ordu asko eskatzen dituen lana da, eta ez gara iristen askotan. Bai lan merkatuan lanpostu prekarioenak betetzen ditugulako, eta baita zaintza beharrak handiak eta aldakorrak izan daitezkeelako ere. Horrela, gehienetan, ezinezkoa egiten zaigu lanen arteko kontziliazioa, eta behar hori asetzeko, zapalkuntza katean beherago daudenak sartu ditugu jokoan. Emakume etorkinak.
Honek paradigma berri bat –eta kontraesan pila bat– sortzen ditu klase borrokan, langileak direlako kontratatzaileak (enpresa gabeko enpresariak) kasu askotan. Langile hauen administrazio egoera irregularrak ikusezin bihurtzen ditu emakume hauek gainera. Aitortza gabeko lanari, izatea bera ere ukatzen zaien emakumeen egoera gehitzen zaio. Fulanito zaintzen duen sudamerikana edo Menganiton etxea garbitzen duen rumana bezala ezagutzen ditugu. Susmoa daukat ez ote dugun barneratu pertsona hauek gure etxeko zereginak egiteko gizatresna bat gehiago direla: izenik, historiarik eta beharrik ez daukaten makinak, alegia.
Jakin badakigu etxekoandrea ez dela etxeko gizonaren maila berdinean egon inoiz; azken hau baitzen etxeko boterea zuena, prakak zeramatzana, baina etxeko agintean estatus konkretu bati erantzuten zion terminoa dela iruditzen zait -agian lanak musutruk egin zezaten interesatuki eraikitakoa-. Gaur egun gure etxeetaz arduratzen direnak ez ditugu ezta etxekoandre kontsideratzen, mantentzen duten etxea ez delako beraiena.
Orain arte bigarren maila batetan zeuden emakumeen borrokek (garbitzaileak, erresidentzia zein etxez etxeko zaintzaileak…) ikusgarritasuna lortu duten garai honetan, hirugarren maila batetan daudenei begiratzeko parada hartu beharko genuke. Guztion bizitzak erdigunean jarriz bakarrik lortuko baitugu kapitalari zentroa disputatzea.