'Euskal Herriko bizitza prehistorikoa'
Oraintsu Netflixen estreinatu den La vida en nuestro planeta deritzon seriean ikus daitezkeen iraganeko paisaia eta bizidun prehistoriko horietako batzuk, gure bazterretan ere bazirela diote Euskal Herriko arrokek.
Bortzirietan, Aldunde-Kintoan, Orotz-Betelu eta Baztan inguruan duela 400-300 milioi urteko arroketan (Devoniar eta Karboniferoa) egungo itsas-lirioen antzeko krinoideoak, brakiopodoak eta trilobitez beteriko itsasoaren aztarnak daude. Badira Etxalar eta Larrun inguruan espora bidez ugaltzen ziren iratze edo azeri-buztan landare erraldoiez osatutako basoek utzitako ikatz meak ere.
Nabarniz, Aulesti eta Urdaibai inguruan, duela 160 milioi urte (Jurasikoa) inguruko itsaso ireki eta epelean bizi ziren ammonite eta belemnite moluskuak aurkitu dira. Ugariagoak dira, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean, ordea, duela 120-100 milioi urte (Behe Kretazeoa) inguruan sakonera gutxiko itsaso tropikalean bizi ziren koral eta errudista moluskuen aztarnak. Kretazeoko (duela 145 eta 66 milioi urte) arroketan aurkitu dira Araba eta Nafarroan mosasauru narrasti itsastarrak ere. Trebiñun, bestalde, Euskal Herriko dinosauroak (6-7 metroko Lirainosaurus titanosauroa), krokodiloak (Musturzabalsuchus), ugaztun txikiak (Lainodon) eta lehorreko beste pizti ugari aurkitu dira (Gargantuavis hegazti erraldoia edo Struthiosaurus ankilosauro txikia, esaterako).
Egungo Iruñea eta Ainsa artean, duela 42 milioi urte (Erdi Eozenoa), itsasadar batean lau hankadun sirenioa (Sobrarbesiren) bizi zen. Eta Araba hegoaldean, duela 37 milioi urte (Goi Eozenoa), laku baten ingurune tropikalean krokodilo, dortoka, primate, martsupial, karraskari eta «zaldi» (Iberolophus, adibidez) edo adarrik gabeko «orein» (Xiphodon, adibidez) itxurako ugaztun desberdinak bizi ziren.
Bardeetan, duela 20 eta 15 milioi urte (Miozenoa), laku eta sabana ingurunean, krokodilo, dortoka, arrain, anfibio, hegazti eta ugaztun (saguzarrak, kastoreak, errinozeroak, etab.) dibertsitate handia zegoen. Azkenik, kobazuloetako betekinetan, azken 500.000 urtetan (Pleistozenoa), glaziar eta glaziar arteko garaietan Euskal Herrian bizi ziren jaguar, lehoi, lehoinabar, sable-horzdun tigre, errinozero, hiena, elur-orein, bisonte, mamut eta zaldiak aurkitu dira, baita neandertal eta gure arbasoek, Cro-Magnon-ak, haitzuloetako ormetan marraztutako animalia basatiak ere.
Euskal Herriko bizitza prehistorikoa deritzon seriea ateratzeko moduko artxibo paleontologikoa badugu, beraz, gure bazterretan.