Euskal s(z)ena
Aurrekoan sorpresa galanta eraman nuen Patxi Alañaren eskutik, euskal senaz gehiago ikasi eta konstrukzionismoarekin zubi pila margotu ahal izan nituenean. Bere burua Euskararen Jatorrian eta Biltzarreko Historiazaleen taldekide bezala aurkeztu zuen Patxik «gure hizkuntzaren jatorria eta historia maite dituelako». Bere hitzaldian azterketa historiko interesgarria bezain harrigarria proposatu zigun, ondasunen metaketak eta estatuaren sorrerak euskal senean zer nolako eragina izan duen erakusteko.
Lehenik eta behin garrantzitsua da jakitea, beste jatorrizko herri asko bezala, euskaldunok gure hastapenetan ez ginela norbanako gisa bereizten: gorputz osoago baten zelula legez sentitzen ginen eta gure jarduna gorputz oso horren (edo gaur egungo begietatik komunitate horren) bizirauteari zor genion.
Mende luzeetan euskal kulturan albokoa laguna izan da. Esaterako, Bagauden matxinadei esker erromatarren inperioaren hazkuntza etetea lortu zenean, jendea basoko herrietan, baserrietan, elkarrekin bizitzen mantendu zen inperioalismotik eta ezezagunengandik (ez lagunengandik) urrun. Bide batez, Patxik zinemari egozten dio, besteak beste, alboko lagunari konfiantza galtzearen ardura, urteetan zehar mesfidantza zabaltzen duten filmak baino ez direlako egin.
Haatik, herria batuta dagoen bitartean, horrela uste dugu Patxik eta biok behintzat, bakoitza nahi duen bezalakoa izan daiteke: ez dago desberdinarekiko defendatu beharrik. Guzti honi gehitzeko moduan aniztasun zein konfiantza-erosotasun horrekin lotuta dagoen eta euskaldunon erroan zegoen beste alde on bat aipatu zigun Patxik: Euskal Herrian historikoki boteredun karguak herriak izendatu behar zituen urtez urte, eta ordezkaritza lanak baino ez zituzten betetzen. Erabakiak, hortaz, herriak hartzen zituen (bere aniztasunaren ondorioz sortutako aberastasunetik behar beste hitz egin eta hausnartu ostean) eta delegatuak erabakiok kudeatzeaz kargutzen ziren.
Garai horretan, gainera, euskaldun guztiak jaiotzen ginen zerbaiten jabe, nahiz eta lur sail txiki batzuk norbanakoen eskuetan egon, lur sailik handienak komunak zirelako. Duina, ezta?
Patxik gaur eta beti balio izango digun esaldi bat gogoratu zigun bukatzeko: «Denon onura bilatzen duzunean oso erraza da zentzuz jokatzea». Jokatu dezagun z(s)entzuz!