EUSKAL ZINEARI EUSKARA FALTA ZAIO
Euskal zinea azken urteotan indarra hartzen ari bada ere, oraindik ere bide luzea du aurretik, eta argi dago euskarazko film gehiago behar ditugula. Halaxe adierazi zuen Euskal Zinearen Galan Edurne Azkarate aktoreak, saria jasotzerako orduan: «Euskal Zinea deritzon horri euskara falta zaio eta euskal kulturak filmak ditu faltan». Egia da azken urteetan gero eta film gehiago egiten direla Euskal Herrian, baina oso gutxi dira euskarazkoak.
Egia da Loreak, Handia, Akelarre eta Irati bezalako filmek arrakasta handia izan dutela, eta merezimendu osoz, gainera. Baina ezin dugu beti horrelako hiruzpalau izen aipatu eta euskal zinearen egoera txalotu. Horrek ez du iraunkortasunik bermatzen, eta askotan, gure hizkuntzaren presentzia zinema-industrian anekdotikoa bihurtzen da. Horren atzean badira hainbat faktore: finantzaketa faltak, ekoizpen txikiak, edota banaketa sare urria. Baina arazo nagusietako bat da euskarazko zineak ez duela behar duen leku propioa.
Ikus-entzuleok gero eta gehiago exijitzen dugu. Netflixen edo HBOren garaian gaude, edukiak nonahi, nahi dugunean eskuratzeko ohiturarekin eta azkar nahi ditugu, gainera. Baina euskarazko edukiak gutxi dira eta askotan banaketa mugatuarekin iristen dira. Kontua ez da salaketa egitea bakarrik, baina agerikoa da plataforma digitalek beste hizkuntzetan bezalako eskaintza aberatsa eskainiko baligute euskaraz, ikusleok berehala lotuko ginatekeela euskarazko produkzioetara. Gure hizkuntzan nahi dugun edukia izatea ederra litzateke eta beharrezkoa dugu. Ohiko plataformez gain, badugu «hasi berri» bat, ETBko Primeran plataforma, zorionez, eduki guztiak euskaraz eskaintzen dituena. Euskarazko filmak badaude, baita telesailak ere, gutxinaka gero eta eduki gehiago dago bertan, baina hori gehitzeko, sortu egin behar da.
Instituzio publikoen eginbeharra ezinbestekoa da beraz, euskarazko zinearen sustapenean. Euskara ardatz duten politikak martxan jartzea beharrezkoa da. Eta ikusleok euskarazko filmak kontsumitzea eta horretara ohitzea ere beharrezkoa dugu. Baina hori egiteko, euskaraz sortu beharra dago.
Euskal Herrian badugu zer kontatu eta baditugu istorio unibertsalak gure hizkuntzan kontatzeko. Zine ederra dakigu egiten, profesional zoragarriak ditugu. Orain, laguntzak eta jarrera aktiboagoa behar dugu euskaraz sortzeko. Zinea euskaraz gehiago, eta anitzago!