Baten bat harrituko zen LABeko Zuzendaritzan LABeko Euskara Arduradun den Amaia aurrekoetxeak, ELAk Ondarroako Udala erdaraz aritzera behartzen omen duela irakurtzean (
martxoaren 29an HITZAn argitaratutako gutuna).
Ondarroako udalak bere langileei Lanpostuen Balorazioa egiteko txostena helarazi die. Balorazio hau egiteko euskaraz hizkera tekniko-juridikoa erabili dute. Langileak euskaldunak dira, baina ez dute bidalitakoa ulertzen, eta horregatik udalari ulertzeko moduko testu bat bidaltzea eskatu diote, erdaraz bada ere. Udalak langileei esan zien 3 eguneko epea zutela idatziari ekarpenak egiteko, bestela ez zutela ezertarako aukerarik izango.
Hori egin zutenean ELAko ordezkariak oso argi utzi zion udalari hori norbanako langileen eskaera zela, idatzia ulertzen ez duten langileena, hain zuzen, eta ez sindikatuaren eskaera. Uste genuen udalak hori gure aurka erabiliko zuela, sakoneko eztabaida ekidin eta «zarata» egiteko, harritzekoa dena da LABek erabili izana.
Langileek prozesu honetan asko dute jokoan. Horrelako balorazio batean langileek benetan betetzen dituzten funtzioak definitzen dira eta hauen arabera ze soldata izan behar duten. Besteak beste, eginiko funtzioen definizioaren arabera langileren bat kaleratua izan daiteke (Ondarroako langile batzuek beldur hori dute), baina LABi horrek bost axola diola ematen du.
LABeko arduradunaren jarrera klasista, sektarioa eta manipulatzailea da. Klasista da neurri handi batean langileek duten hezkuntza mailarekin lotutako arazoa delako; goi mailako ikasketak euskaraz egin dituen langileak ez du arazorik horrelako txosten bat ulertzeko, euskara egunerokoan erabiltzen duen langileak, baina hizkera juridikoan trebatua ez dagoenak bai. Sektarioa da, norbera egiaren jabe egin eta inorekin ezer kontrastatu gabe «aurkaria» erasotzeko erabiltzen duelako (ELA administrazio eta enpresen aurrean antolatzen saiatzen da, ez beste sindikatuen aurrean). Eta manipulatzailea da errealitatea erabat desitxuratzen duelako, beti ere sakoneko eztabaida ekiditeko.
Pentsatu nahi dut Amaiak ez duela informazio guztia jaso hitza-n idatzi aurretik. Hurrengo baterako, Amaiak badu nire telefonoa eta pozarren emango dizkiot eman beharreko azalpenak. Edonola, langileen egoera eta kezkak ezagutzea hasiera ona litzateke edozein iritzi eman aurretik. Eta beste egun batean, nahi izanez gero, euskara gaiarekin ELAk dituen kontraesanak eztabaidatuko ditugu. Asko ditugu, nik baino hobeto inork ez daki hori, baina kontraesan horiek gainditzeko asmo irmoa ere badugu, gure sindikatuan eta gure sindikatuarekin harremanetan euskaldun orok euskaraz bizitzeko eskubidea izan dezan.
–Pello Igeregi. ELA sindikatuko Euskara arduraduna.