Euskaltegiko 'sentadillak'
Euskaltegian gabiltza jo eta fuego zazpi bat laguneko kuadrilla, Mutrikun. Udarako kresal eta garagardo usaineko arratsalde batzuetan sortu zen hartarako ideia. Langabeziak eta hurrengo ikasturtean zer egin ez jakiteak sortzen duen intseguritate eta antsietatetik ziur aski, C2 mailako azterketara aurkeztu ahal izateko euskaltegiko ikastaroa egitea otu zitzaigun. Deba eta Ondarruko pare bat lagun ere batu zitzaizkigun planera, eta, geroztik, astean bitan batzen gara euskarari distira atera asmoz, Luardo Jauregian.
Euskaldun zaharrak gara, oraindik gehienok nahiko gazte izanagatik. Mutrikuarrez astintzen ditugu mihiak han-hemen lotsa gutxirekin, euskaldun-peto etiketak soinean, harro. Orain, aldiz, gero eta gehiago katramilatzen zaizkigu mihia aditz ustel eta esapide espainoletan, edo, agian, gero eta gehiago konturatzen gara. Izan ere, ahozkoa prestatzen hastean euskara batuan egitea erabaki genuen, «garbiago» egiten dugulako hala, eta, gainera, horrela ez ditugulako mutrikuarrez bezain beste akats egiten. Jakina zen hori lehendik ere, txikitatik esan izan digute gurasoek mutrikuarrez «gero eta modu traketsagoan» egiten dugula, baina, arraioa, ez nuen hainbesterako izaterik espero.
Irakasleak fin, determinazioz, iseka egiten digu ohartu gabe mutrikuarrez hanka sartzen badugu: «Nola esan duzu? errepikatuko hori berriro?». Eta, guk, fin, errepikatzen dugu esaldi berbera euskara batu eta jasoan. Alta, hori ez da txarrena. Izan ere, badakigu akatsak nola zuzendu irakasleak akatsa egin dugula esaten digunean, baina ez gara geure kabuz ohartzen akatsa egin izanaz. Eta nola zuzendu gaizki ari zarela ohartzen ez zarenean? Nola barneratu ditugu mutrikuarrez hainbeste akats aditza pluralean ordez singularrean erabili eta ez konturatzeko? Nola bihurtu ditugu porque eta esque guztiak hain natural? Hain mutrikuar?
Aho batez hartu dugu erabakia euskaltegian: akatsa egiten duenak sentadillak egin beharko ditu. Izan ere, nola da posible euskara batuan C2a prestatzen egotea, mutrikuarrez B2a ateratzeko gai ez garenean? Ea ipurdiko agujetek mihiak zuzentzen dizkiguten; bestela, laster, Lazkao Txikik aurreikusi bezala, gaztelaniaz hitz egingo dugu mutrikuarrez hizketan ari garelakoan.