Euskara ez da neutroa
Hizkuntza herri batek edo pertsona batek bere burua ezagutu eta ulertzeko zein gainerakoak ezagutarazteko sortzen duen bitartekoa dela irakurri dut hor nonbait. Gainera, ezinbestekoa dugu gure gizartearen zein beste edoizen gizarteko baloreak eta ideologiak ulertzeko eta transmititzeko. Beraz, izena duenak badu izana eta izendatzen dugun orok jasotzen du izaera bat ezinbestean.
Hizkuntzaren bidez errealitatea izendatzen dugula argi gelditu da, baina errealitatea bera ere interpretatzeko balio digula ezin dugu ahaztu. Izan ere, gure gizartearen imaginario sinbolikoa hizkun-
tzaren bitartez eraikitzen da.
Baina, zer gertatzen da, sexismoa errotuta dagoen gizarte batean, hizkuntzaren auziarekin? Ba, sexismo hori derrigorrez isaltuko dela hizkuntzan zein hizkeran. Eta Euskara ez da salbuespena.
Hizkuntza sexistei buruz ari garenean, gaztelaniaren adibidea bururatzen zaigu gehienoi, genero maskulinoa izaten delako orokortzailea. Euskararen kasuan aldiz, genero markarik gabeko hizkuntza denez, askotan pentsatu izan dugu ez dela hizkera sexista bat; baina bada, eta baditu bere diskirminazio ardatzak.
Jarri arreta apur bat gure eguneroko hizkeran. Berdin hitz egiten diegu haurrei, neska edo mutila izan? Noski ezetz, izan ere, ezarritako generoaren arabera, jendea desberdin komunikatzen da haurrekin. Zenbat aldiz entzun dugu heldua neskari «printzesa» deitzen eta mutilari, berriz, «txapeldun»? Eta, gainera, ahots doinu ezberdinak erabiliz.
Izen neutroekin ere sexismoa nabaria da. «Garbitzaile» hitza esatean, ze irudi datorkigu burura? Emakume batena, ezta? Eta «erizaina» esaten badut? Berdin. «Medikua», aldiz, ze generori esleitzen diogu? Langilea? Politikaria? Normalean, gizonezkoekin lotzen ditugun lanbideak dira. Hitzok ez dute generorik euskaraz, baina asoziazio kultural baten ondorioz ezarri diegu genero bat ala bestea.
Euskara ez da berez hizkuntza sexista bat, baina kultura sexista batean murgilduta dago eta horrek bere hizkera ere halakoxea izatea dakar. Hizkuntzaren erabilera sexista da aldatu behar dena, hizkuntzak berak aukera ugari ematen ditu errealitatea beste modu batuzetan eraikitzeko, asmatzeko, jolasteko… Gure bizitzak modu inklusiboago batean deskribatzeko eta eraikitzeko.