Euskera inklusiboa
Dinoe guzur bat askotan errepikatzen bada egi bihurtzen dala, eta batzuk euskera kontuekin horixe egiten ahaleginten dira, baztertzailea dala esan eta esan, ideia hori zabaltzeko asmoz.
Batez be funtzino publikorako probatan ikusten gabilz hori, askok aurkeztu dituelako salaketak funtzionario izateko euskera jakitea eskatzeak baztertu egiten dituala argudiatuz. Gainera, azken aldiko ia kasu gehienetan epaileek arrazoia emon deutsie. Mezua gehiago zabaltzeko, oldarraldi judizial honek politikari eta hedabide jakin batzuen oihartzuna dauka, euskera baztertzailetzat jota eta hizkuntza eskubideak beste eskubide batzuen menpe jarrita.
Guzur hori behin eta barriro errepikatzen dabe, onespen zabala lortzeko asmoz. Baina mila bider errepikatuta be, guzurra guzurra da. Euskera, ezer bada, inklusiboa da, ikasten dauen guztia beso zabalik eta esker onez hartzen dauelako. Euskerak ateak zabaltzen ditu, baina ez funtzionario lanarenak bakarrik, euskera langile publiko izateko tresna hutsa baino askoz gehiago dalako. Euskerak gizarte oso baten, mundu oso baten eta mundu ikuskera baten ateak parez-pare edegiten ditu, sarrerako «ondo etorri» lanpasagaz danak sartzera gonbidatuz, barruko alfonbra gorriagaz adeitasunez hartuz.
Euskera ikasi, interes apurbat ipini eta erabilten ahalegintzen dana, euskaldunen munduan sartuko da, mundu eder honetan dagoena ezagutu eta Euskal Herriko bizimodua askoz hobeto ulertuko dau: historia, tradizinoak, jaiak, kultur adierazbideak, ohiturak, jentearen izaera… euskeraren barruan dagoen unibertso oso-osoa. Eta unibertso horretan bizi garenok esker onez hartuko ditugu, orain arte beti egin dogun legez, eskertuz eta aintzat hartuz euskera ikasteko eta erabilteko egiten dan ahalegina.
Euskaldunok oso esker onekoak eta abegikorrak gara alde horretatik, integrazinorako hain garrantzitsua dan pauso hori emoten daben danekin.
Euskera inklusinorako eta integrazinorako gakoa da Euskal Herrian bizi gura dauen edonorentzako, hizkuntza bat letra, fonema eta arau jakin batzuk baino askoz gehiago dalako, edozein eta edonongoa izanda be.
Edozein hizkuntzaren barruan dago unibertso anitz, aberats eta aparteko bat, eta gurean be bai. Guk gogotsu zabaltzen ditugu unibertso horretako ateak, sartzera gonbidetan ditugu nahi daben guztiak, mundu hori nahi daben dan-danakin partekatzeko gogo itzela daukagu eta lau haizetara zabaltzen dogu behin eta barriro, eta gu gara baztertzaileak? Ez, euskera ez da baztertzailea, euskerak gizarte honen parte izan nahi daben guztiak beso zabalik hartzen jarraituko dau, euskal herritarren zerbitzura egon behar daben eta hizkuntza eskubideak bermatu behar dituen funtzionarioak be bai. Egia hauxe da, eta guzurtiak doazela pikutara!