Euskeraz berba gehidxau egin!
Beti esan da kostaldeko herritarrek euskera itxiagoa dutela; ondarrutarra, lekitxarra edo bermiotarra dira horren adibide adierazgarrienak. Ni bermeotarra naizen heinean, horrela izatea gustuko dut oso. Argi dago niretzat ez dagoela Bermeoko euskera bezain polit eta berezirik. Baina oso kantsatuta nago gaur egun gero eta gehiago entzuten dudan ‘Euskalkia edo euskera batua’-ren debate horretaz.
Zein politago? Zein egokiago? Esparru bakoitzean zein hobe? Denek beharko lukete izan polit, egoki eta esparru denetan erabiltzekoak, nire ustez. Euskeraz hitz egitean dago koxka, eta uste dut euskera batuaren edo euskalkiaren egokitasunaren inguruan debatitu baino, gure denbora euskera gehiago erabiltzen igaroko bagenu, beste datu batzuk izango genituzkela gaur egun Euskal Herrian. Aipatutako eztabaida horien zentzua zein den oraindik ez dut ulertu, eta hare gutxiago horren inguruan eztabaidatzeko gaztelera erabiltzen dutenena.
Ez gaitu gure egungo «posizioak» bat ere beldurtzen. Harrigarria da. Lehen aipatutako herri horiekin jarraituz, eta hurbiletik ikutzen nauen horri erreferentzia eginez, oso, baina oso tristea da Bermeo bezalako historia duen herri euskalduneko gazteek (batez ere) euskera ikastolan edo eskolan irakasgai bezala soilik izatea, eta euskeraz lagun artean konbertsazio bat izateko gai ez izatea. Bermeoko kaleak gaztelerak hartu ditu guztiz, eta niri, beti euskerarekiko apustua egiten dudan pertsona izanik, negargarria iruditzen zait. Nora heldu behar gara? Seguraski mila alditan entzungo zenuten esango dudan hau, baina dakigunok erabiltzen ez badugu, ez dakit nork erabiliko duen, eta horrela izanik, ez dakit nola uste dugun gure hizkuntza nolabait mantentzea. Beraz, euskalkiz edo batueraz, baina euskeraz berba gehidxau egin!