Ez ote goazen azkarregi
Azkar egiten dute aurrera teknologia berriek (edo ez hain berriek), azkarregi agian. Bizirauteko behar beharrezkoak ditugun tramite burokratiko beti-astunak oraindik eta astunago bihurtu zaizkie zenbaiti. Praktikotasuna eta azkartasuna darabilte banderatzat, baina dependentzia eta ezintasun bihurtzen dira askorentzat: sinadura elektronikoak, diru kontuak kontrolatzeko online plataformak, diru laguntzak eskatzeko prozesu elektronikoak, izenpe, BQ, Bizum….
Askori eztarrian kateatuta geratzen zaizkie pasahitzak, koordenadak, kodigoak. Azken aldian, inguruko hainbat lagun entzun ditut kexaka: euren autonomia urratuta ikusi dutelako edo orain arte euren kabuz egiteko gai ziren zenbait tramite egiteko umeengana, edo, hare, bilobengana jo behar izan dutelako. Gai honen inguruan emakume helduen bizpahiru talderekin hitz egitea egokitu zait azken aldian, halabeharrez, eta gertutik sentitu ditut haien haserrea, inpotentzia eta amorrua. Helduen, eta, batez ere, emakume helduen autonomia ekonomikoa bermatzeko planak, politika publikoak, ahalduntze eskolak eta tailerrak antolatzen eta ezartzen dituzten garaiotan, herriko banketxeen ordutegiak murrizten dituzte, erakunde publikoetako gero eta tramite gehiago egin behar dituzte online, eta jubilazioa jasotzeko SEPEko hitzordu bat hartzea ezinezko lan bihurtu zaie.
Orain arte modu autonomoan egiteko gai izan diren zenbait gauza egiteko, orain, beste norbaiten laguntza behar dute. Beti besteen zain, beti laguntza eske. Eta, zer nahi duzue esatea, bizitza beraiek bakarrik eta lan asko eginda aurrera atera duen belaunaldi batentzat ez da batere erraza, besterik gabe, gai ez sentitzea.
Ederra da aurrerapena, baina ez dakit ez ote garen ari, aurrera joan beharraren beharraz, jendea atzean eta bazterrean uzten. Nire belaunaldia aise egokitu da teknologia berrietara, eurekin batera hazi garelako ziurrenik. Aplikazioetatik ligatzen dugu, Bizum bidez ipintzen ditugu boteak, online egiten ditugu lan-bilerak eta elektronikoki sinatzen ditugu lan-kontratutak. Baina piramide demografikoa iraulita dagoen garai hauetan, ez dakit ez ote garen aldaketak azkarregi egiten ari. Jendeak oraindik jendea behar du. Estresa, frustrazioa eta etsipena sortzen du aurrez grabatutako ahotsekin telefonoz aritzeak, seme-alabei etengabe laguntza eske ibili behar izateak, eta, finean, ezgai sentitzeak. Ez dago atzera bueltarik, teknologia berriak hemen daude eta hemen behar ditugu, baina ez legoke gaizki atzean geratzen ari diren horien erritmoak errespetatzea. Azkar joateak ez du ondo iristea bermatzen.