Fernando Garatea: 'Tradizioa eta modernitatea karin-kara Sanpedropean'
Iazko San Pedro egunean Kaxarranka ikustera joan nintzen Sanpedropera, tradizioa arrakalatuko zutela entzun bainuen, kalean. Kaxapekoak, kaxa-gainekoa, arraunlariak, jantziak, xistera, mitra eta San Pedroren giltzak banderan bordatuta, txistulariak … ezagunak egin zitzaizkidan elementuak denak. Sol-sol-sol-#fa, re-re-mi-do-re-siii-la-si-do … Kaxa gaineko zortzikoarekin eman zitzaion ikuskizunari hasiera. Erreberentzia eginez agurtu gintuen dantzariak. Txaloak joaz eskertu genion keinua … Handik gutxira irrintziak hasi ziren, zein baino zein zoliago, luzeago, durduzagarriago … ondoren, irrintziaren araberako txalo zaparrada durundatsua, eta durunden itsasoan txistu soinua itotzen, dantzaria irrintzien eta esku-zarten erritmoan dantzatzera behartuz. Hara, tradizioaren arrakala! Hara, modernitatea! Kaxarranka irrintzi txapelketa bihurtua.
Lekeitiar Autentikoen Batzordeko kide bat izan nuen aldamenean eta hari esan nion ez ote zen hobe txaloak dantzaldi bakoitzaren amaieran jotzea; hau da, zortzikoaren amaieran olagara bat, fandangoarenean beste bat, eta arin-arinarenean azkena. Horrela, Kaxarranka txistu-danbolin soinuaren erritmoan egitea bermatuko zen, irrintziek bizigarriagotuta, eta txaloak protagonista guztientzat izango ziren, ez unean uneko irrintzilariarentzat bakarrik.
Emozioak ezin direla katez lotu erantzun zidan eskuak gorrituta, baina aztertuko zutela iradokizuna, batzordean.
Ez dakit egin duten ala ez, ez eta batzorde horrek existitzen duenik ere, baina 2018ko ekainaren 29a gainean denez, txaloak dantzaldi bakoitzaren ostean jotzeko proposamena HITZAren bidez zabaltzea pentsatu dut, txaloen itsasoa baretzea behar-beharrezkoa dela uste baitut Kaxarrankaren bertsio flamenkoaz beste egiteko.
Zaraten itsasoan kalma zuria lortzeko beste aukera bat, gormutuen zeinu-hizkuntzatik txalo isila mailegatzea litzateke, hau da eskuei airean eragitea.
Eta behin mailegatzen hasita, zergatik ez ekarri irrintzi isila ere, maileguan, neurriaren kontzientziarik ez dutenentzat?
Zelan edo halan, ea lortzen dugun txistu soinua entzutea Kaxarrankan!
Hala izan bedi!
A! Ahaztu aurretik. Iaz kalean zabaldu zen tradizioaren arrakalatzeak ez omen zuen irrintziekin zerikusirik, baizik eta emakumeek Kaxarrankan protagonismoa hartzearekin! Hori baino gauza normalagorik, horregatio!
–Fernando Garatea. Lekeitio.