Filosofia
Filosofia irakasgaia ez da inoiz ikasleen begikoa izan. Baina bere ikasketa ez zen zalantzan jartzen. Garrantzi handiko gaia zen komentu, seminario eta garai guztietako goi mailako ikasketetan; ezinbesteko irakasgaia izan da.
Azkenengo urte hauetan, berriz, bere ikasketa eztabaidatua izaten ari da. Gaia abstraktua da eta askorentzat interes gabekoa, nahiz eta berez filosofia hitzaren esanahia kontuan hartzen badugu ez luken eztabaidarik sortu behar. Grekoz «jakinduriaren maitale» esan nahi du; hau da, egiaren bila ibiltzea. Horrela izanik, inor ezin liteke filosofia ikastearen aurka. Gizakia, betidanik, bizitzaren jakinduriaren bila ibili da eta dabil, galdera sakonei erantzuna aurkitu nahian. Egia jakin nahi du. Galdera asko egiten ditugu gure bizitzan, bakardadean batez ere.
Baina beste arazo asko konpondu behar izaten ditugu gure eguneroko bizitzan, eta galdera horiek baztertu eta ahantzi nahian bizi gara. Baina hor jarraitzen dute erantzunik aurkitu gabe, gure barrenean.Hainbeste arazok argitu gabe jarraitzen dute zergatiak ez ditugulako ezagutzen. Horregatik, beste askorentzat, filosofiak ezinbesteko ikasketa izaten jarraitu behar du.
Era guztietako informazioz inguratuta bizi gara eta gazte-gaztetatik ikasi behar da alde guztietatik hartzen den informazio guzti hori bereizten eta baloratzen edo zalantzan jartzen. Galbahe lana egiten ikasi behar da, gaztarotik hasita. Bizitzaren egoera desberdinak aztertzen eta hausnartzen ikasi behar da. Ehunka urtetan, batez ere erlijioak bete du eginkizun hori, baina gaur egun gero eta galduago dagoen gizarte batean, filosofiaren paperak garrantzitsuagoa izan behar luke hiritar kritiko eta kontzienteagoak izan nahi baditugu.
Gaurko gizartea presaka bizi da eta filosofiak lasaitasun egoera behar du. Beste aldetik, gazte izatea beste oztopo bat izan daiteke. Irakasleentzat ere ez da gai erraza. Ikuspegi askotatik irakatsi daiteke, eta gaia era atseginez azaltzea ez da samurra. Nire gazte denboran bi baldintza horiek eduki nituen: lasaitasun egoera eta irakasle ospetsuak. Baina gaur egun ez dago erabateko lasaitasunik. Beste aldetik, Ekuadorko Kito hiriburuan Jesuiten Unibertsitate Katolikoan, Rodolfo Mario Agoglia eta Arturo Andres Roig argentinarrak izan nituen irakasle. Biak Argentinako militarren diktaduratik ihes egindakoak. Ikasleontzat zorte handia izan zen maila honetako irakasleak izatea; beraien klaseak oso atseginak izaten ziren.
Ziur nago gaur egun ere filosofia klaseen fama aspergarria deuseztatzen duten antzeko beste irakasle asko izango direla. Eta bizi dugun garai hiperteknologikoaren aurrean, filosofia ikastea behar-beharrezkoa dela diote adituek, batez ere gizatiarrok bizitzari buruz ditugun galderei erantzun bat bilatzen dabiltzanei lagundtzen dielako.