Gabonak
Lehenago, ez hainbeste, abenduaren 22ko loteriak ematen zien hasiera Gabonei eta Errege Magoek amaiera. Gomutatzen zarete Navidad en el Corte Ingles. Gaur egun, hilabete baino arinago hasten dira. Are, abuztuan loteria salgai dagoela jakinarazten diguten iragarkiak nonahi izaten dira. Gabonak ate joka direla eta, sasoia baino lehen jarduten dugu etxeak, eraikinak, kaleak apaintzen, argiak ipintzen…. Publizitateak irensten gaituen bitartean eta kontsumitzera bultzatu: jostailuak, bitxiak, opariak, janariak… zer ez. Guztion desiragarri, jakina.
Era berean, gabon-izpirituak biltzen gaitu bere mantu bero-gozoagaz, barruko grina eta ilusioa atararaziz. Hain dira koaktiboak Gabonak. Guztioi darigu maitasuna, eta familian batzen gara mahaiaren inguruan, falta direnen hutsuneak oroimenean. Mahai eder bete-beteak, arbola azpia opariz josita, ardorik onena… Krisia?
Urtea beti esperantzaz beterik hasten dugu, kopa bete txanpainaz topa egin, eta hobearen esperoan, elkar besakartzen dugu, hunkituta
Eta mahaian, denborak aldatu arren, oraindik bizirik diraute gure aitona-amonek trasnsmititutako ohiturek; gurean, jango den ogiari gurutzearen zeinua egin labanaz, musua eman, koskorra «punta» moztu eta mahai-zapiaren azpian edukitzen da; afaldu ostean, armairu barruan gordetzen da, hurrengo urteko afarira arte eta orduan, gure zein txakur-katuen janariari botatzen zaizkio zatitxoak. Amuma zenak kontatzen zigun ere Gabon inguruan ordaintzen zirela baserrien eta lurren errentak, dirutan eta espeziatan (garia… bi kapoi eder…) eta jabeak bakailaoa oparitzen ziela. Eurek ere ilusioak zituztela.
Kontuak kontu, guk haiek bezala urte berrirako desioak eta ametsak ditugu. Urteberria inflexio puntua bailitzan. Urtea beti esperantzaz beterik hasten dugu, kopa bete txanpainaz topa egin, eta hobearen esperoan, elkar besakartzen dugu, hunkituta. Ahoa betetzen zaigu egingo dugunaz, nahi dugunaz, asko txakur-ametsak. Jai-giroa, zoriontasuna, osoa ez bada ere, imintzioak akaso.
Ez du ematen ez besterik, ez bestelakorik dagoenik. Argiek eta geure buruarekiko promesek lausotu egiten dizkigute begiak, antza, eta lepoa ematen diogu eguneroko errealitateari, ikusuezin bilakatzen dugu une batez. Miseria, gaixotasunak, gehigikeriak, gudak, bortizkeria, iruzurrak, giza eskubideen urraketak dira nagusi, besteak beste. Eta, emakume eta ume erailak? Horiek ere mereziko zuten, bada, Gabon zoriontsua, ezta? Zoritxarrez inoiz ez dute aukerarik izango.
Gabonak laster!