'Gaitasunak Antolatu' jardunaldiak
Gaztetatik errealitatea ezagutzeko eta indentifikatzeko bitartekoak kentzen dizkigute emakume langileoi, horrekin errealitatearen gaineko ikerketa edota analisi kritikoak garatzea oztopatuz.
Hainbat faktore dira honen erakusle; besteak beste, bizitzan zehar soldatapeko lanaz gain etxeko jarduerak gure gain jaustea, honek lanaldi bikoitza egitera behartuz edota erreprodukzio familiarraren ardurapean betebehar guztiak ezinbesteko lan bihurtuz emakume langileontzat. Honelako beste hainbeste faktoreen ondorioz, emakume langileari izaera politiko oro mugatzen zaio, eta sistema honek iraun bitartean, emakume langilea gizartean baliogabetua izaten jarraituko du.
Egun kokatzen garen testuinguru ekonomikoan, esan dezakegu sistema kapitalistari berezkoa zaiola bizi baldintzen etengabeko okertzea emakume langileen gain ematea, honekin emakume langilea isolamendu sozialera eta egiturazko pobrezira kondenatuz etengabean.
Uste dugu funtsezkoa dela proposamen ezberdinak mahaigaineratzea eta proposamen politikoak lehen lerroan jartzea emakume langileen zapalkuntzari dagokionez; horregatik aurkezten ditugu jardunaldi hauek.
Emakume langilea subjektu politiko bilakatzera bidean gaitasun politiko eta teorikoak eskuratzeko helburuarekin proposatzen ditugu jardunaldiak. Hemen, emakume langilearen auzia klase ikuspegitik aurre egiteko beharrezkotasunaz haritzeko aukera izango dugu egun osoko egitaraua eskainiz. Gainera, Isabel Benitezek, Tita Barahonak, etxeko lanetan soldatapean jarduten duen behargin batek, sektore publikoko garbitzaileek, EH Feministak Nikak nahiz Mugimendu Sozialistako kideek parte hartuko dute antolatutako saio desberdinetan.
Lea Artibaiko Itaiatik ekainaren 12an Urretxu-Zumarragan egingo diren jardunaldietan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, elkarrekin ikasi, hausnartu eta ondorioztatzeko espazioa izanik honakoa.
Sarrerak nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan itaialeaartibai@gmai.com idatzita.
–Alaitz Mendizabal Martinez. Mutriku.