Aurreko zutabea ondoko galderarekin bukatu nuen: Soziokontrukzionismotik ikusita errealitatea harremanetan eratzen badugu, zeintzuk bestelako errealitate, denontzat hobeagoak direnak, sortu ditzakezkegu?
Gogoeta hori buruan dudala, Bilbotik Gernikarako autobusa hartu dut gaur. Irratian maiz entzuten diren tertulia horietako batean zeuden zenbait lagun eztabaidan. Gaiak ez ditut hain ondo gogoratzen, edukiei, antza, interesik ez diet jarri eta. Hala ere, elkarrizketa eraiki eta eramateko erak deitu du batik bat nire arreta: ematen zuen, nork edo nork egi borobilagoa bota behar zuela. Ez dut uste hitz egiteko era hau gure eguneroko jardueretan izaten dugunarekin alderatuz oso desberdina denik, eta hain justu horregatik, sakonago aztertzera gonbidatzen zaituztet.
Lehenik eta behin, mahai ingurura hurbildutako pertsonak eraren batean edo bestean gaian «adituak» izan behar dira. Urteetako ikasketak, maila gorenetan egindako lanak edota kargu politikoren bat edukitzeak erlazionatu behar ditu gaiarekin. Logikoa iruditzen bazaigu ere, alde batetik, elkarrizketan entzungo diren ahots kopurua asko murriztu daitekeela deritzot, eta bestetik, pertsona aditu hauei ematen zaien boterea nahikoa handia dela uste dut. Zeintzuk ondorio izango lituzke hizketaldi hauetan aditu delakoen iritzi desberdinak entzun ostean gainontzeko biztanleria interesatuak edo gainontzeko biztanleria interesatuaren errepresentazio batek ere parte hartuko balu? Zeinen aberatsago eta ikuspuntu anitzenganako sentsibilitate handiagokoak izango lirateke bai prozesua zein emaitza? Nolako kontua jarriko liokete «adituek» hainbesteko konfiantzaz baieztatzen dutena esaterakoan?
Entzuteak, ikusteak edota irakurtzeak «merezi» duten pertsona eta irratsaioak, programak zein aldizkariak era honetan antolatzeak, bestalde, gure gainontzeko elkarrizketetan ere eragina dutela iruditzen zait: zenbatetan aditzen dugu «entzun neuri» edo «hori neuk esaten deutsut» moduko esaldiak, arrazoi osoa (eta bakarra) daukatela esan nahian? Zeinen monologikoa eta beste pertsonak gehitu nahi duenaren ukatzailea da harremanetan postura ahalguztidun horretan jartzeak?
Azken finean, guzti honekin zalantzazko ikuspegi kritikoarekin akabatzea lortzen da. Gauzak guztiz landuak eta murtxikatuak ematea, esan ez diren kontuetan ez erreparatzeko. Horregatik, zentzu honetan eta patroi berdina ez errepikatzeko, zilegi litzateke orain, esate baterako, zutabe honek aipatu ez dituen gauzak edota ekidin ditudan ahotsak zeintzuk diren galdetzea. Zer erantzungo zenuke zuk, adibidez?