Harry Goolishian-ek esan ohi zuen bezala, «ez dakit zer esango dudan, esaten dudan arte»; hau da, gure hitzak entzuteak ideiak argiago uzten dizkigu…. Intentzio horrekin idazten ditut lerro hauek, ez daukat eta batere argi zer esan nahi dudan.
Gauza ondoko ildotik doa: Azken hamarkadetako mugimendu ideologiko eta politikoek kapitalismoa zein indibidualtasuna alde batetik eta komunismo edo sozialismoa zein komunitarismoa bestetik, elkarren aurkari bezala aurkeztu dizkigute. Ni, behintzat, bi mutur horren arteko dikotomian hazi izan naiz, argi neukalarik lehenengoa batere gustuko ez nuela.
Hala eta guztiz ere, azken hilabete honetan bizi izan ditudan bi gertakarik dikotomia honetan sakontzera naramate; kapitalismoa eta bakarkakotasun horri garrantzia eta indarra emateko prest ez banago ere, komunitate edo talde baten printzipio eta balio guztiak erabat onartzea zein zaila den ere konturatu bai naiz.
Gertakariak hurrengo biak izan dira:
Martxoaren batetik hirura psikologia positiboari buruzko kongresu batean parte hartu dut Lisboan. Egitasmo hauetan ohitura den legez, bertan geunden profesionalak eta zientzialariek posterrak aurkeztu eta hitzaldiak eskaini ditugu. Indibidualki (edo lan talde batetan) egiten dugun lana harrotasunez partekatu dugu gainerako parte hartzaileekin, hortaz. Niretzat gauza berria izan den zerbait, bestalde, komunitate bezala proposatu diren ekintza mordoa izan dira: abestu eta dantzatu, meditazioa burutu edota denok batera jatea, adibidez. Jorratutako gaiak bakea, elkarrizketa eta zoriona izan dira batik bat. Portugesa menperatzen ez dudala aurreratuz, larunbat arratsaldean hizlari baten aurkezpenaren ostean sortutako eztabaida bortitzak aztoratu ninduen hargatik. Ez al ginen denok bakea eta zoriona lortzearen aldekoak?
Bestalde, orokorrean pasa den astean Emakumearen Nazioarteko Egunean, batera, komunitate legez lortu genuen erantzun paregabearekin guztiz hunkituta banago ere Bilboko manifestaldian ikusi eta entzun nituen zenbait jokabide zein argudiok greba utzi eta lanera bueltatzeko aitzakiaren bat topatzea ere oso erraza zela pentsarazi ninduten. Berriro ere, irtenbide indibidualera txirrista egitea… Lan komunitarioa bertan behera lagatzea.
Horregatik indibidualtasun eta komunitarismo horren artean bestelako aukerak jorratzea interesgarria dela deritzot, erdibideko alternatibak; binakako harremanetan edota talde txikietan egindako lanean arreta eta energia txertatuko dutenak, lanketa hauek, ziur aski, bai indibidualki zein talde handietan bestelako garapenak izan eta aukerak zabalduko dituztela jakinik.