Agian, opor ostean askok nolabaiteko tristura sentitu ohi dutela esaten delako, ondo legoke gaur gai honi ekitea: hurreratu zaizkit hainbat pertsona psikologiari lotuta nagoela jakinik, informazio eske. Maiz, terapia baten bila dagoen norbait ezagutzen dute, eta gaur egun aipatzen diren terapia moten artean aukeratu nahian edo, psikoanalisiak, konduktismoak, gestaltak zein sistemikoak egiten dutenaren inguruan hainbat galdera dituzte.
Aldi bakoitzean galderoi oso forma desberdinetan erantzun diet, egoerak eta egindako galdeketa zehatzak ere oso argudio ezberdinak eskaintzen dituela uste izan baitut. Gehienetan, halere, psikologia eskolak zein terapia egiten duen profesionalak zerbait konkretuki egiten dutela edo teoria jakin batzuk aintzat hartzen dituztela esan arren, nire ustetan, garrantzitsuena pertsona horrekin ezartzen den harremana dela aipatu izan dut.
Aurrekoan, gai honen inguruan senitarteko min batekin elekan nenbilela, bizitzan egiten ditugun gauza gehienetan bezala, gure lanean hartzen dugun jarrera edo ikuspuntua ziurrenik gutaz asko esango duela komentatu genuen. Horrela, psikologa moduan atxikitzen nion eskola, nire sinesmen eta jarrerei oso lotuta egongo da ziurrenik. Norbanakoan pisua ezartzen badut, esaterako, familia terapia edota terapia sistemikotik aldenduko naiz; arazoen sustraia ezagutzea bada nire helburua, horretarako hamarkadetan atzera egin behar badut ere, ostera, psikoanalisia gusturago landuko dut terapia kognitibista bat baino.
Baina, edozein kasutan, bai hipnosia lantzen duen psikologo batekin topo egin zein istorio edo narrazioekin behar egitea garrantzitsutzat jotzen duen langile bat kontratatu, funtsezkoena dela iruditzen zait, besteak beste, berarekin lotzen den harremana.
Askok, une honetan aliantza terapeutikoaz hitz egingo lukete, edo kontsultara doan pertsonak terapeutarekiko ezarri behar duen konfiantzaz. Soziokonstrukzionismoaren ikuspuntutik, ordea, harreman hau ondoko arrazoiengatik da berebizikoa, batzuk aipatzearren soilik: erlazio honetan sortuko denaren arabera hartuko duelako istorioak bide bat edo beste, harremanean parte hartzen duten pertsonen errealitatea honen bitartez aldatuko delako. Azken finean, etorkizuna ez dagoelako pertsonaren gaitza edo terapeutaren jakituria delakoen menpe, baizik eta biek batera egin dezaketenaren zain.