Gernikazarra
Iraganak ez du zertan atsegina izan behar. Baina beti da ona nor izan zaren jakitea, izan nahi duzun hori bilatzeko. Ez gara hezituak izan barne hausnarketa ariketa sakon bat egiteko edo gure zirrikitu eta zaurietan zer dagoen arakatzeko. Zenbaitetan txarra den zerbait bezala ere azaldu izan zaigu. Utzi iragana bakean. Min egin dezakeen horretan ez denborarik galdu. Aurrera begira jarri. Momentuaz gozatu. Etorkizuna zurea da. Abante!
Zorionez, gizartea bere bidea egiten doan bitartean, bada izan ginen horretan arreta eta interesa jarri duenik. Afizioa ofizio bihurtu duen lagun taldea.
Beraien blog apal bezain interesgarrian azaltzen duten bezala, Gernikazarra Historia Taldea 1985. urtean sortu zen, historiaren eta, batez ere, Gernika-Lumoko historiaren inguruan sentsibilizatutako pertsona talde baten hausnarketaren ondorioz. Izan ziren eta gaur oraindik diharduten Juan Antonio Carballo, Txato Etxaniz, Alberto Iturriarte, Vicente del Palacio, Javier Urrutia, Alberto Zarrabeitia, Jose Luis Gavira eta Toribio Bearesek egun batetik bestera suntsitua izan zen herri honen historia berreskuratzeko erronka mardula bereganatu zuten. Atez ate, pistaz pista, poliki-poliki, gogo handiz eta askotan nahi izango ez zuten abiadura ezta emaitzarekin, 36 urte luze hauetan bildu duten lana sinestezina da. Herritar eta izan zen herriaren argazki bilduma oparoa, garai hartako industriaren artxibo ikaragarria, argitalpen sorta bat, eskuizkribuak, gutunak, planoak eta herri baten historiari loturik joan ahal den guzti hori hartu, aztertu eta katalogatu dute.
Halere, zoritxarrez, belaunaldi berri baten bilaketa lanetan eman beharra dute denbora orain. Izan ere, historian ere zaletasuna aurkitu duen Mikel Magunazelaia gazteaz gain, beste inor ez da hurbildu lagun talde honetara kolaboratzeko gogoekin.
Horrela, beraz, suntsitua izan zen herri eta herritar horien omenez zein lagun talde honek egindako lana eskertzeko, egitasmo berrien beharra agerian dago. Entzun nahi duen horrentzat aukera hor dago. Gizartearen parte batek begi onez ikusi ez duen Guggenheim Gernika museo berri horretan, Gernikako herriak bere eremua, atala, pabiloia izan beharko luke. Gernikazarra edo Lobak bezalako taldeen lanak baldintza egokietan gordeta izan eta, nola ez, hurbiltzen diren guztiei erakusteko. Gerra zibil, diktadura, erbestealdi eta gatazka hauetan munduan diren hainbat ikertzaileen arreta piztu eta herri honek dakien bezala behar duten babesa eta estalpea emateko. Izan ziren haien iloben seme-alabek eta hauen belaunaldiko beste umeek historia zer den ikasteko. Eta, nola ez, aldekoak zein kontrakoak izango dituen proiektu potolo honetan, gernikarron arima behin betirako gorde eta presente izateko.
Horrekin, beti zuekin zorretan izango den herriak, era batean izan ahal duen zama arinduko du. Esaldi baten, herri honetan, Gernikazarra museoa nahi eta behar dugu.