Gizartea koloreztatzen
Ekaina beti izan ohi da hilabete berezia. Azterketen bukaera, San Juan sua, eta berarekin batera udararen hasiera. LGTBIQ+ kolektiboarentzat ere kutsu berezia du hilabete horrek. Izan ere, joan den ekainaren 28an, urtero lez Harrotasunaren eguna ospatu zen. Nahiz eta ez sinetsi, gaur egun oraindik badira egun hori ospatzeari zentzua ikusten ez dioten batzuk. Eguneroko albisteak ikustea baino ez dago, izatez hain aurreratuta gauden gizartean alor batzuetan hutsune makala dagoela konturatzeko.
Maitasunak askatasunaren sinonimo beharko luke izan. Generoak behingoz albo batera utziz, eta pertsonak kontuan hartuz. Bakoitzari begiratuz, eta ondokoarena errespetatuz. Ulertuz. Onartuz.
Libreak garela aldarrikatzen dugu sarri, baina askotan eskaera horretan kolektiboko pertsona askok ez dute tokirik izaten. Beste hainbat arrazoi aipa nitzake honen harira. Arrazoi baino, zapalkuntza. Uste dut argi dagoela ekainak 28 horren garrantziaren zergatia, ordea. Eskubideak aldarrikatzea, denon arteko desberdintasunak eragiten duen berdintasun hori goraipatzea, eta, batez ere, libre eta inolako beldurrik gabe bizitzeko nahia gizarteari argi uztea. Ze beharrezkoa.
Ospatu daigun egun eta hilabete koloretsu hori beti. Eta ez daigun ahaztu egun horretan aldarrikatzen ditugunak beste hilabete guztietan ere txertatzen. Denon arteko loturan dago gizarte armoniko eta zuzen baten giltza; ulertu, errespetatu eta, batez ere, onartu dezagun. Hala nola, ekainaren kolore horrekin jarraitu, eta koloreztatu ditzagun gainontzeko hilabeteak ere!