Gorka Etxebarrieta: Busturialde naturala
Politika mundutik iristen diren ustelkeri kasuak gero eta larriagoak badira ere, bizi dugun liberalismo ekonomiko eta politikoa, XX. mendeko jendarteak duen lorpen nagusienetariko bat dela aldarrikatzen jarraitzen dute gaur egungo politikari zahar zein hasiberriek.
«Oso, guztiz, pila bat» demokratikoak gara diotenez, erabakiak hartzeko gaitasuna herriaren esku jartzen duen sistema eratu dugulako. Ba parkatu lagunok baina… Kaka zaharra! Herria osatzen duten espezie guztien hitzari tarte egokia aurkitzeko gai ez garen bitartean, beti bezain totalitarioak izaten jarraituko dugu.
Natura behin da berriz, gau da egun, manifestatzen den herriaren funtsezko zutabea dugu. Izurriteak, uholdeak, espezie ezberdinen suntsipena, Laida «hondartza» edo areatzaren desagerpena… Mundu berdeak bere hizkuntza eta diskurtso propioak ditu. Eta natura ulertu barik ez dago bizi-sistema bideragarririk.
Horrela ba, ingurumenean eragin zuzena duten proiektu eta ideia jarioa praktikan jarri aurretik inpaktu txosten petral horiek baino askoz eraginkorrak diren mekanismoak asmatzeko gai izango al gara? Parlamentu eta erabaki guneetan isilarazita dugun Naturari dagokion aulkia bilatzeko beste adimen izango ote dugu?
Zoritxarrez, ez nahiz sistema bateratzaile hori ikusteko adina urte bizi izango. Dena den, eskualdea horretara eramaten lagun dezaketen ideia batzuk igortzeko beste ikusten naiz.
1. Politika iraunkorren neurgailu mankomunatua
Hiri zein landa lurzoruan egindako akzio guztiak jasangarriak diren ebaluatzeko tresna arina asmatu beharko luke Urdaibaiko patronatuak. Horrela, urte jakin batetan zein legealdi bakoitzean hartutako erabakiak berdeak edo beltzak diren jakiteko gai izango ginen herritarrok.
2.Bizimodu naturalen sustapena
Eskualdean non edo nahi diren aktibitate ludikoetatik aparte, Busturialdean dugun ondare naturala balorean jarriko lukeen programa mankomuna adostu beharko lukete herri agintariek. Toki berezi hauetatik igarotzen diren mendi lasterketen bitartez; nekazaritza ekologikoa jorratzen duten baserrietatik antolatutako famili irtenaldiak antolatuz; Muruetako edo Lagako hondartzan egindako bideo zein musika emanaldiak bultzatuz; eta abar.
3. Merkaibai
Herri merkatuak eta horietara astero hurbiltzen diren ekoizleak babestu eta bultzatzeko akzio bateratua egin beharko zen Busturialdean. Biztanleen ordutegira egokitzen diren tokiak, egunak eta orduak bilatuz; eskualdeko baserrietan aholkulari lana egingo lukeen nekazal teknikari bat kontratatuz; herri guztietako gune jendetsuenetan, lorategien tokian ortu ekologiak sortuz; eskualdeko kulturan errotuta dauden sukaldaritza errezetak, bideoan grabatu eta sare sozialetan partekatuz.
4.Mugikortasun sistema jasangarrien indartzea
Uda partean Laida, Laga, Elantxobe eta Eako uretara hurbiltzen direnentzako autobus elektrikoa eskainiz eta apustu hori egiteagatik bono prezioa sarituz; ibilgailu jasangarriak erosten dituztenei herri zerga txikiagotuz; eskualdetik kanpo lanera joateko garraio publikoa erabiltzen dutenei bonoa sarituz.