Gorka Etxebarrieta: Egun luziek ama
San Juan gaueko sua pizteko beste energia dakarte urteko egun argitsu hauek. Gehienetan, gehienentzat, egun bizi, alai eta atseginak. Batzuetan, batzuentzat, egun ilun zein amaiezinak. Izan ere, zorigaitzak, ezbeharrak bapatean jotzen gaituenean, tristurak bizipoza lainotzen baitu.
Ezinbesteko ariketa da bizitzan zehar une latsak izango direla onartzea. Ezadostasunak, eztabaidak, desamodioak, gaixotasunak, istripuak edo heriotzak eguneroko gauza dira. Mota honetako gertaerak, ez daude aukeran. Atzo, gaur eta bihar ate joka izango dira, behin eta berriz. Halere, golpeak sortutako zauria hor izan behar duela barneratu ostean, honek eragindako min jarioa garaiz eteten ikasi behar dugu. Bestela, sufrimendu kronikoan erortzeko arriskuan ikusi ahal garelako. Luzaroan iraun dezakeen amesgaiztoan, auto-suntsiketa prozesu baten preso.
Urteak, hileak, egunak, orduak, momentuak aurrera darraie. Bizitzan ez dago etenaldirik. Aurrera goaz eta aurrera egitera behartuta gaude. Goibel, oker, buru makur baina ahal den bizkorren etorkizunari begira jarri behar gara konbentzimendu osoz. Tente, animoso eta ilusioz. San Juan gaueko sugarrek berotutako zorionaren motorra berrio piztuz. Pixkanaka martxa hartuz eta denboraz erritmoa arinduz.
Bizi-zikloa: sortu, jaio, hasi, zahartu eta hil. Hori izan da zure bidea eta hori bera izango da gurea ere. Horrela ba, aurretik ditudan egun luze eta une oparoak bere osotasunean aprobetxatu nahian, ekainak 23 gaueko sura bota ditut zure faltak sortutako nahigabe gehienak Ama. Oroi eta jarrai. Asko maite zaituen bat.