Herriko inauteriak berpizteko martxan jarri zen ekimenari erantzun egoki bat eman nahian, beste behingoz, Gernikako herritarrak proposamen originalez kaleratuko gara otsailak 24an garen honetan. Aurten, historia idatzi dutenek nabarmendu nahi izan dituzten bizi edota fikziozko pertsonaia historikoak diren Fidel, Cleopatra, Che, Batman, Heidi, Darth Vader, Ghandi, Mandela, Maya erlea, Pernando amezketarra, Pirritx, Porrotx, Maria, Jose edo Jesus izango dira herrian zehar bueltaka.
Gorka Etxebarrieta
Halere, aipatutako hauek ez dira begiak ixterakoan, gernikarron memorian erabateko argitasunez azaltzen diren pertsonaia mitiko bezain maitagarriak. Denboraren joan saihestezinak ere ezabatzen ez dituen haiek. Gure burmuinaren zirrikituak irudi biziz margotu dituztenek. Pasilekuko Pepe, Tere, Saltxi edo Bitxorioren kioskoan emandako une goxoak. Industria kalean kokatzen zen Fronton tabernako jabeari edo Sirimiri jolastokiko Ana eta Piliri egindako barrabaskeriak. Etxe sozialean kokatzen zen zinemako linternaren arduradun zen Dolores andreari igande arratsaldero egiten genion bisita. Erdiko kaleko arkuetan gora behera berbeta bizian zenbiltzaten Mauri eta Felipe anaiak. Zigor tabernako lagunmina zen Karmanik beirazko edukiontzira ematen zituen mila eta batek daki zenbat bueltak. Udaletxe aurreko zebrabidea zeharkatzeko ordena emateko ozen baino ozenago txilibituari putz egiten zion Starsky munizipala. Barrenkale kaleko auzokide ziren Felix eta Apatxe. Ipurdiarekin intxaur apurketa erakustaldiak ematen zituen Baltzuzki jauna. Gaiztakeria sainetan zeramaten Alberto, Iñaki eta Oscar anaiak. Udal komunen zainketaz arduratzen zen BaTeresa izendatu genuen andrea. Herrian gertatzen zen gertaera esanguratsu guztiak filmatzen zituen Lizeoko Angel. Urbietatik pasa garen gehienok betirako bihotzean izango dugun Juliantxu Ikazuriaga. Errieta bitartez komunikatzen zen Santa Luzia zelaiko Pompon. Kaskoa eskuan, baina motorrik ez zuten Murcia anaiak. Urtero moto edo kotxe berriekin herritik paseatzen zen Pio kioskoko Marco Aurelio. Igandero elizara joan eta Jesus besarkatzeko gonbitea luzatzen zigun Jesusa andrea. Liburutegian ginenean behin eta berriz isilik egoteko agintzen zigun Mingo. San Juan eta Iñigo Lopez de Haro kaleen arteko bidegurutzean zegoen etxe zahar hartan bizi zen tatuajedun gizon misteriotsu hura. Aterkidun Mari, Poti-poti, Mestikabasoko Longinos edo paniko hutsa genion Paco ipurdi zulatzailearen kontsulta. Hauek eta mito bizia bihurtu diren Luis Iriondo eta Ricardo Arrien dira gure herriko historikoak.
Memoriatik ezabatuko ez direnak. Besarkada bana denei!