Irailaren 29an argitaratutako iritzi artikulu hartan, urtero legez emozioz beteriko urria iragartzen zela gogorazten nuen. Onddoak, Mundakako ezker olatua, udazken parteko kolore sorta, euskal jaia, Urriko Lehen eta Azken Astelehenak, eta nola ez, egun hauetan, uda parteko pilaketetatik at, ohizko hego haizea eta eguzkia lagun, eskualdeko hondartza eta txoko ezberdinetara egin daitezkeen txango edo bizikleta irteera lasai eta ederrak. Gutxi pentsatu eta aktiboki bizi zein gozatzeko hile borobila.
Baina zoritxarrez, lurrikarak, baten eta bitan, abisatu barik bortizki jipoitu gaitu. Bapatean, ezustekoa! Inork espero ez zituen gertaerek batzuen, askoren, edo behintzat idazten duen honen, flotazio puntua astindu dute. Guztiz gorroto dudan «Eta..?» galderak, aspaldiko partez, nire buruan behar lukeena baino espazio zabalagoa bereganatu duelarik. «Eta egunero ikastolara bidean, bere alaba politarekin zihoala, gurutzatzen nuen maisu on horri gazte garaian nire partetik jasan zituen tratu txarrengatik barkamena eta besarkada zintzoena eman izan banio? Eta nirekin hain jator eta ulerkor portatu izan zen beste hari zor nion garagardoa ordaindu eta bide batez, lan kontuetatik aparte, bere hiru eta nire bi seme-alabez hitz egiteko tartea izatea egokitu banu? Eta aldizkari honek eskaintzen didan bozgorailu hau, kritikarako baino sarritan, askorengan ikusten ditudan detaile txiki, ederrak goraipatu eta jakitera emateko erabiliko banuke? Eta hilero euskarazko artikuloak idazteko gai bai baina batzuetan tamaina honetako erabaki sinple bezain garrantzitsuak hartzeko koldar hutsa naizela aitortzeko garaia iritsi dela onartu beharra badut?».
Bi hitz xelebre, agur bat, txistea, barkamen eskaria, bizkarreko zaplada, doluminak, egunon goxo bat, goizeroko irrifarra, zoriontzeko deia. Mota honetakoak dira keinu beteak. Maiz, nahi baino gehiagotan, eguneroko zorabioan gabiltzalaren aitxakiaz, uko egiten diegun haiek. Depresio meteorologiko batek sorturiko zurrunbilo baten barrena goaz, 280 kilometro orduko abiadurara, bidean aurkitzen diren seinale asko deskuidatuz. Benetan balio erantsia duen horren itsu. Mandoen gisara, gure harritik tiraka, aurrera, kementsu, zuzen, norabide bakarrean. Estresatuta, zentsugabekeri baten mugilduta. Kaka. «Eta orain arte eratu dugun bizimodu hori alde batera utzi eta bizitzeko era berri bati, zerotik, atea zabaldu beharko bagenio?».