Gorka Etxebarrieta: Radio Macuto
Mil paridas por minuto. Espainiako Gerra (36ko Gerra) garaian, bando batetik bestera zindoazen fundamentu gabeko zurrumurruak adierazteko erabiltzen zen esaldiak, gaur egun osatzen dugun Gernikan bere toki pribilegiatua izaten jarraitzen duela berretsi da beste behingoz.
Inork berarentzat nahiko ez lukeen ezbeharrak, ziztu bizian jarri ditu notizia freskoen gose amorratua duten herri honetako gerla erreportariak. Telefono deiak hara nora, ezenatokira bidalitako morroien derrigorrezko bisita, hor ibili dira basapiztiak ahal den informazio gehiena bildu eta gerra-kontseilura lehenik ailegatu nahian. Esandakoa gutxi balitz, mahai inguru horretara deituriko adituek loditu dute zabaldutako istorioari falta zitzaion apurra. Fiskalek jo ta fuego haizeratu eta defendatutako trapu zikinek, gertakarien sententzia argia ebazten duten epaileen jateko gogoa bete dute. Eta horrela, gertatutakoa askoren belarrietara iritsi baino lehen, sententzia tinkoa argitaratuta zegoelakoan ikusi gara. Kasu itxia. Zigor zikina.
Eta honekin nahikoa ez bagenu, makinaria koldar honen parte diren aktore guztien partaidetza bukatuta ez dagoela adierazteko, primizia herriratzeko aukera izan ez duten bozeramaileak jarri dira martxan. Belarrietara notizia iritsi bezain pronto hitz jario etenezina botaka hasi direlarik. Horrela, gertakaria, Ebola gaitza bailitzan hedatu da gure artean. Istorio hauetatik at bizi diren biztanle bakanak ere kutsatuz. Harrigarria. Salvame Deluxeko aita den Paolo Vasile zine eta telebista ekoizleak gustuko lituzke tamaina honetako tertulia kideak.
Halere, ezbeharra lehen pertsonan bizitzen ari direnen zorionerako, baina Gernikan bizitzen jarraituko dugunon zoritxarrerako, herria gobernatzeko asmoekin hauteskunde bezperan publikatu den azken maitasun erlazioak estaliko du azaldutako kasua. Horrela, bere bizi kontuez arduratu beharrean besteen nahigabe, apustu, ezbehar edo ile mozteaz etengabe ari direnek, makinaria lanean mantentzeko erregaia izango dute. Pena. Nazkagarria. Herria.