Gorka Etxebarrieta: 'Truman'
Lagunen beharra dugu. Aldamenean dituzula jakitea gauza handia da. Leialak, fidelak, entzule onak, zintzoak, zuzenak. Ezaugarri hauek betetzen dituzten haiek lagun min bihurtzen dira. Luzarorako bidai lagunak. Benetakoak. Ricardo Darinek, bere film berrian, adiskidetzat duen Truman bezalakoak. Halere, maila horretako gizakiak izatera irizteko bidea latza da. Senak dioenari jaramon egin eta haren arabera jokatu beharrean, iritzi eta interpretaziozko munduari lotuta bizi garelako. Martxan jarri aurretik, sarri, larregi pentsatzen dugulako.
Minbiziak ezagun duzun norbaiten atea jo duela jakiterakoan, horrelako notiziak inorentzako nahi ez dituzulako, kolpeak, mindu eta izutu egiten zaitu. Momentu horietan, haiengana hurbildu eta hitz goxo zein bero batzuk helarazteko nahia izaten duzu.
Zoritxarrez, gehienetan, lehen mailako sentimenduek adierazten dutenari heldu beharrean hausnarketa makinariari eragin, atzera pauso bat eman eta asko jota, agur sentikor bat luzatzen diezu. Nahikoa? Ez. Gutxiegi, hitz batetan. Zer esan? Nola azaldu? Nahi eta gai ez izan? Koldarkeria, besterik ez.
Horregatik, eta berandu bada ere, atzo Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela aitzaki hartuta, hitzak aukeran jarri didan zutabe honen bitartez, nire hitz preziatuenak eskaini nahi dizkizuet.
“ZUEI, balentria osoz, tokatu zaizuen jipoi gogor hau irmoki gainditzen zaudeten guztioi. Onartu, barneratu, sufritu, zutitu eta aurre eginez denon eredu bilakatu zaretenoi. Hitz egiteko tartea izan ez badugu ere, zuen kemena goraipatzekoa da. Lortuko duzue. Eta gu, hezur-muin, odol emaile edo beharrezko zein nahi duzuen neurri eta forman lagunduko dugu. Senideei ere, gogor eutsi. Hola segi. Zientziaren azken aurrerapen eta horretan lan egiten duten profesionalen trebetasuna zuekin dago. Seguru naiz, gau eta egun, lan eskerga egiten dabiltzala. Baikor izan. Asmatuko dute. Berri onak, egun alaiak, pentsatu baino gertuago daude. Eta hor ere, nahi baduzue, zuekin bat ospatzeko izango gara. Bihotzetik, besarkada handi bat. Da barkaidazue mesedez, denbora honetan zuengana hurreratu ez izana“.