Greenwashing
Bizikleta hondatu zitzaidan duela astebete. Eta hori, Amsterdam bezalako hiri txirrindulari batean bizi zarenean, ahalik eta azkarren konpondu beharreko arazoa bilakatzen da. Denboran zehar luzatu ezin daitekeen kudeaketa. Garraio publikoa hemen oso garestia baita.
Bizikleta enpresarekin harremanetan jarri, eta ostegunean etorri zen teknikaria txirrindua konpontzera etxera. Esango nuke, ia bi hilabete Herbeheretan igaro ostean, garrantzia ematen dietela birziklatzeari, eta, orokorrean, zerbait berria erosi aurretik matxurak konpontzea lehenesten dutela.
Hortaz, harritu egin ninduen bizikletak alokatzen dituzten enpresako langilea bizikleta berri bat ematera etorri zitzaidanean. Eskerrak eman nizkion, baina bizikleta aldatzea beharrezkoa ez zela eta ea bestea konpontzen lagunduko zidan galdetu.
Arazoa zein zen azaldu eta bost minututan konponduta geneukan. Bizikleta berriagoa beharrezkoa zitzaion norbaiti eramateko aukera hobetsi nuen eta horrela egin zezan eskatu ere.
Antzina, gure gurasoei arropek luzaro irauten zizkieten eta apurtuz gero, asko eta askok josten zekiten. Egia da azken urteotan modan jarri direla Vinted edo Wallapop bezalako plataformak, baina egindako erabilera orokortua desegokia dirudit.
New Yorken bizi izan nintzen hilabeteetan, bigarren eskuko denda bat nuen etxetik bost minututara. Izugarri handia. Zalantzarik gabe, inoiz zapaldu dudan bigarren eskuko komertziorik onena. Eta hori, Montrealera (Kanada) oporretan joan nintzenean, vintage saltoki ikaragarri batekin ere topo egin nuela. Bartzelonan ere gustokoa nuen thrift shopping-a.
Ulertuko nuke, New Yorken izan genituen tenperatura hotzak jasateko jaka aski potolorik eraman ez izana maletan, eta komertzio honetako deskontuak aprobetxatu izana negua igarotzeko txamarra bat erosteko. Ados.
Baina ez zen izan hau dinamika. Hain merke, hain vintage, hain retro. Maleta beteta egin nuela buelta Ondarrura. Eta ez, ez naiz ari esperientziez bakarrik, baizik eta gauza materialez. Seguraski, behar ez nituen gauzez.
Erosi, erosi, erosi. Zioen Nikasio jaunak. Eta bai, egia da hobe dela jada erabilia dagoen zerbait jabetzan izatea, berria erostea baino. Baina hori ez dugu irakurketa adina sakona. Berrerabiltzea ondo dago, baina murrizten hasi beharko genuke, krisi klimatikoak gure planetarekin amaitu aurretik.
Baliteke amalurrak bizirautea, baina zer-nolako baldintzatan? Eta ez, ez nabil etorkizunari buruz berbetan, are gutxiago hurrengo belaunaldiei utziko diegunaz. Aldaketak jada nabariak dira eta geroz eta gehiago pairatuko ditugu.
Esandakoa. Badirudi aplikazio hauek jarduna errazagoa bilakatu izana. Baina ez dezagun ahaztu helburua.