Gure espazio askeak
Femifesta ospatu genuen aurreko zapatuan Gernikan. Inguruko emakume* eta transmaribibolloentzako eztabaida eta gozamenerako espazio seguru bat eskaintzea zen erronka, eta egun osoko egitarau ez mistoa zegoen antolatuta oinarri horren gainean.
Goizean, azaroaren 30erako deituta dagoen zaintza greba feministaren inguruan hitz egiteko parada izan genuen eskualdeko herri ezberdinetatik hurbildutako emakumeok. Grebaren antolaketan topatzen ari garen korapilo nagusiak identifikatu eta hauek nola askatu eztabaidatzen aritu ginen. Kolektibo izaerarik ez daukan baina errealitate prekario berdina pairatzen duten emakumeengana iristeko zailtasunek markatu zuten eztabaida batez ere. Gure pribilejioak, paper gabeen indefentsioa, sindikatuen papera, herri txikien errealitate berezia… bezalako gaiak mahai gainean jartzeak eztabaida osatu eta gure errealitatera ekartzea ahalbidetu zigun.
Poteoa eta bazkaria etorri ziren gero. Batu ginenak ez gara kuadrilla berdinekoak, ez dugu adin berdina ez eta ere egoera ekonomiko berdina. Emakumeak eta militante feministak gara, eta munduan parte hartzeko daukagun moduak batzen gaitu. Gure arteko harremana feminismoak ehuntzen duenean, sortzen diren konplizitateak oso bereziak izaten dira, eta hasiera batetan urruti ematen duten errealiateek amankomunean zenbat daukaten konturatzen gara. Ahizpatasun ariketa izugarria iruditu zitzaidan, eta zaintzaz hitz egiten ari garen honetan gure arteko zaintza ere kokatzeko modu praktiko eta aberasgarria izan zela uste dut.
Gauerako kontzertua zegoen iragarrita. Egunean jarraitutako logikari eutsiz, parrandan ere gure arteko konplizitateak elikatu eta gozatzeko espazio seguru bat eskaintzea zen asmoa. Eta orduan, gizonak iritsi ziren. Berdintasunaren izenean gizonak diskriminatzen ditugula entzun behar izan genuen. Deja vu sentsazio izugarria sentitu nuen. Ia hiru hamarkada daramatzat mugimendu feministan, eta esan dezaket beti egon dela gizonen partetik emakumeon espazioak zalantzan jartzeko joera. Lehen martxoaren 8ko bazkarietan parte hartu nahi zuten, eta orain bestelako espazioak dira kolokan jartzen dituztenak. Zapaldutako kolektiboa da gurea, emakumeona, eta hala eta guztiz ere, gure pribilegioak mahai gainean jartzen ari gara beherago daudenak (zapalkuntza bikoitz edo hirukoitza sufritzen dutenak) ikustarazteko. Bitartean, bizitzako ate guztiak zabalik dauzkanak, kontzertu batetan sartzen uzten ez diotelako negar egiten du. Urgentea da gizonek dauzkazuen pribilegioen inguruan hausnartzen hastea, pribilegio hoiek sortzen baitute gurekiko zapalkuntza.