Gure lagunek bai!
Azaroaren 25aren bezperetan eraso matxista baten berri izan genuen herrian. Jakin badakigu halako kasuak ez direla kasu bakan eta isolatuak. Estruktura eta sistema oso batek sostengatzen ditu. Indarkeria matxista ez da han-hemen eta tarteka gertatzen den zerbait, genero zapalkuntza eta desberdintasun egoera baten ondorio zuzena eta bortitzena baizik. Asko dira antzeko egoerak bizi dituzten emakumeak (edo genero identitate edo desira disidenteak dituztenak), bai gure herrian baita handik kanpo ere. Nork bere bidea egiten du, eta bakoitzak ahal duen gisan egiten dio aurre bizi duen egoerari. Salatu egiten dute batzuek, eta isilik daramate besteek: batzuentzat pentsaezina den hori besteentzat autodefentsa mekanismo bat izan daiteke. Izan ere, indarkeria matxista sistematikoa eta estrukturala dela diogunean, edo justizia patriarkalaz mintzo garenean, hortaz ari gara: lehen kolpea erasotzaileak emanagatik, sistemak ez du sendatzen laguntzen; are gehiago, sarri, berak ematen dizu bigarren zaplaztekoa.
Gaur gaurkoz oraindik emakumearengan jartzen da fokua, bai gizarteak (kasu askotan bere hitzak, ekintzak edo erabakiak auzitan jarriz), baita justiziak edo poliziak berak ere. Azken hortaz jabetzeko ez dago emakumeen babes neurriei begiratu besterik: urruntze aginduekin batera, emakumea arriskuan ikusten duten kasuetan, bizkarzaina jartzen zaio. Hau da, norbaitek jarraituko ditu egunero bere mugimenduak: babestua izateko zelatatua izango da, ezinbestean. Nola da posible? Indarkeria jasan duen emakume batek babesa behar du, lagunak, ingurukoak, arreta psikologikoa, osasun eta gizarte zerbitzuak, sostengu ekonomikoa… baina bizkarzaina? Bizkarzaina erasotzaileak behar du, inor erasotu ez dezan. Bagenekien justizia patriarkala zela, baina gertutik bizitzea tokatu zaigunean patriarkatua gorputzean iltzatu zaigu, beste behin. Erasotua da kaletik bizkarzainarekin ibili behar duena, seguru sentitzeko herritik alde egitera behartzen dutena, zenbaitetan salaketa jarri ondoren senarraren ondora bueltatu behar dena, indarkeria egoera gogorrak jasan ondoren, prozesu judizial ezin luze, astun eta gogorrago bati aurre egin behar diona.
Gugan jartzen dute beti ardura: salatu egin behar dugula, defendatu egin behar garela, kontatu egin behar dugula. Baina nola? Zein bermerekin? Behin eta berriro entzun ditugu polizia-etxeetan eta epaitegietan gure hitza etengabe zalantzan jartzen duten poliziak eta epaileak, eta, hala ere, sarri, horixe da eskaintzen zaigun aukera bakarra. Guzti horregatik, beste behin ere, argi geratu zaigu justizia patriarkalaren aurrean justizia feminista aldarrikatzen jarraitu behar dugula. Elkar behar dugula zauriak goxatzeko eta ixteko, espazio seguruak eraikitzeko, prebentzioan eta sentsibilizazioan sakontzen jarraitzeko. Poliziek eta epaitegiek ez gaituzte zaintzen, baina gure lagunek bai!