Gutuna: 'Maiatzaren 7an, BAI etorkizunari!'
Euskal Herrian urteetan entzundako aldarriei heldu eta horien inguruan iritzia emateko garaia heldu da Lea-Artibaira ere. Maiatzaren 7an erabakitze ariketa erraldoia egiteko eguna izango dugu gurean. Pauso bat eman eta partaide izateko garaia da, identitate sentimendu nahiz sentsibilitate politiko guztien gainetik, parte hartzeko garai da.
Nik maiatzaren 7an baiezkoa botoa emango dut, bai etorkizun duin baten alde. Bai burujabetzari. Guk hemen eta orain guztia erabaki nahi dugu. Guk gure buruaren jabe izan nahi dugu, kanpotik inork ezer inposatu gabe. Guk gure gorputzen jabe izan eta Galdakaoko ospitalean abortatu nahi dugu. Guk gure haurren hezkuntz ereduak eztabaidatu eta hemen erabaki nahi ditugu, lege arrotzik ez dugu nahi gure ikastetxeetan. Gazteok atzerrira joan gabe berton lan eta bizi nahi dugu eta hori estatu burujabe eta independiente batean posible izango da. Gure gurasoen pentsio sistemetan ez dugu murrizketarik nahi, pentsioak ere hemen erabaki nahi ditugu. Gure baliabideak guk geuk kudeatu nahi ditugu, gure oztopoak guk geuk gainditu, herri bezala geure bidea egin finean.
Jendarte justuago bat posible delako, feminista naizelako, euskera eta amalurra maite ditudalako nik euskal estatu burujabe bateko herritarra izan nahi dut.
Nik maiatzaren 7an BAI etorkizunari!
– Leire Beitia Anabitarte. Ondarroako EH Bilduren zinegotzia.