Gutuna: 'Postaletako herrian bizi nahi duzu?'
Hilabete honetan, bi asteburutan, paisaia planaren inguruko erakusketa egon da Barandiaran Aretoan. Honen helburua antza, herritarren ekarpenak jasotzea izan da.
Erakusketan izan nintzanetik kezka bi darabilzkit buruan. Alde batetik, EAJren udal gobernu honek sinesten ote du benetan parte hartzean? Ez da lehenengo aldia zalantza hau sortu zaidana, eta, tamalez, ez da azkena izango, ikusitakoak ikusita. Erakusketako irudietan oinarritutako panel gutxi batzuen bitartez, paisaia planari ekarpenak egitea nahi izan dute. Beste informazio gehigarririk eman gabe. Gainera, prozesu honen zabalpenik ia ez da egin. Baten batek izan al du erakusketa honen berririk? Plan honek uste baino garrantzi handiagoa dauka, eta, benetako parte hartze prozesuaren bitartez garatu beharko litzateke.
Bestalde, nire bigarren kezka: plan honi buruz jaso dugun informazio apurretik, begi bistakoa da paisaia turismoari begira bakarrik bideratu dutela. Paisaia, herritarrok garenaren ondorioa da, gure bizimoduak, lurraren kudeaketak eta okupazioak eratzen dute paisaia. Ezin dugu, ez dugu nahi herria postaleko turismorako izan, postal baten moduan mantendu. Lekeition lan eta bizi nahi dugu eta horrek paisaia moldatuko edota egokitu egingo du. EAJren udal gobernuak, ostera, gutxi batzuentzako Lekeitio egin nahi du, euron urtebeteko ibilbideak hala erakusten digu.
–Ainhoa Lopez Eiguren. Lekeitioko EH Bilduren izenean.