Harro, Euskal Herri
Dauala 44 urte, 1980ko azaroaren 29an, AEKko «beterano» batzuek lehenengo Korrikari hasiera eman eutsen. Askorentzat txorakeria zirudien. Sasoi latzak Euskal Herrian. Errepresioa nagusi eta borrokak bor-bor, baina aitzindari hareek argi eben euskarak ezinbesteko bultzada behar ebala.
Korriketako leloak ikusiz, argi dago zein dan sustrai nagusia: euskaraz bizitzearen beharra euskara bizi daiten. Herri bat, hizkuntza bat, Euskara zeurea, Denok maite dugu gure herria euskaraz, Maite, ikasi, ari…euskalari, Euskahaldun, HitzEkin.
Euskarak euskaldunon konpromezua ezinbestekoa badauko ere, Korrikak poza eta jai-giroa behar ekonomikoekin batzen ditu euskararen eta AEKren aldeko ekimen paregabean, baina gogoratu behar dogu ere, euskararen egoera zailean eta bere defentsan neurri politikoak, zehatzak eta tinkoak, ezinbestekoak direla. XX. mendearen bukaeran, iraganean, geratu dira hasierako Korrikei deitutako boikotak, mundu jeltzaletik batez be, edota Ertzaintzak eta txapelokerrek Korrika oztopatzen ebenean. Lehenaldian gelditu dira be komunikabideen isiltasun editorialak eta instituzioetatik AEK suntsitzeko egin ziren ahalegin lotsagarriak.
Baina joandako urak joanda dagoz eta Korrikaren inguruan garatu dan kontsentsu zabalak aipatutako politika sendoen garapena behartu beharko luke.
Nahiz eta azken urteotan Korrikak ikaragarrizko oihartzuna izan, eta bere alde inoiz egon dan adostasunik handiena egon, ezin dogu ahaztu urtez-urte AEKk izan duen eskuzabaltasunari esker sektore ezberdinetako euskaltzaleak batzen joan direla. XXI. mendeko herri mugimendu zabalak eta anitzak gailurra jotzen dau bi urterik behin, baina, kontuz, batzuetan arrakastak ere bere arriskuak daukaz.
Korrika herriaren sustraietatik jaio eta bizi izan bada, egungo gizarte garatuaren arriskuen menpe ere badago. Sarritan sentsazionalismoak eta parafernaliek azala mamia baino gehiago lehenesten dabe. Euskal selekzioen aldeko mugimendu erraldoia bertan behera geratu zan modua ikusita, Korrikak ere bere burua zaindu behar dau arrakastaz ez «hiltzeko» edo ahultzeko behintzat. Ahaztu barik be AEK suntsitu nahi eben hareek eta Korrika baztertu, gaur Korrika nahi ta nahiez «asimilatu» dabela, arrakastatik kanpo ez geratzeko
Ezinezkoa litzake egun Korrikarik gabeko Euskal Herririk asmatzea, eta lortutakoa ez da makala euskararen «askapenerako». Horregatik harro gagoz. Euskaldunak izateagatik eta mundu mailan bakarra dan ekimen zoragarri honengatik.
Eskerrik asko AEK, eskerrik asko Korrika! Handiak zarie!
Gaza eta Palestina ahaztu gabe!