HARRO HERRI KORRIKA!
Korrikak 23. edizioko omenaldia Azterketak Euskaraz ekimenari egin dio. Izigarri, biziki kontent gaude guztiok eta, batez ere, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikasleak, noski.
Lander Garrok AEKrentzako eta Korrikarentzako egindako Oihaletxea deritzon dokumentalean (https://www.argia.eus/multimedia/dokumentalak/oihaletxea), Azterketak Euskaraz kolektiboa zer den eta noiz eta zergatik sortu den ikus daiteke. Bertan, Seaskako irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jaso dira. Azken urteetako mobilizazioei esker (txalotzekoa batez ere ikasleena), lortu dute Frantziako hezkuntza sistemaren arabera, bigarren hezkuntza bukatu ostean egin behar diren bi azterketetatik bat, osorik, euskaraz egitea, brebeta, lehen zikloa bukatzean 15 urterekin egiten dutena, alegia. Bigarren zikloaren ostean, 17 urterekin egiten duten azterketa, ordea, baxoa, euskeraz egiteko aukerarik ez dute dute momentuz.
Politika euskarafoboak euskal herriko puntu guztietan eman dira. Josu Martinez zinemagileak, Bizkarsoro filmarekin, 1914 eta 1984 urteen artean euskal herrian bizi izan zen euskararen desagerpen programatu eta aurreikusia kontatu digu. Baigorriko biztanleek bizi izandakoan oinarritzen bada ere, euskal herriko udalerri asko, belaunaldi gutxi batzuen ostean, euskal hiztun izatetik frantsez edo erdal hiztun izatera pasatu zirela gogorarazteko, memoria ariketa bat aurkeztu digu. Zoritxarrez, Bizkarsoro atal gehiago egiteko edukia badugu, gure herriak luzaroan (mendeetan zehar) jasan baitu kolonizazioa eta linguizidioa. Gurea, zapalkuntza baten historia bada, kontatu diezaiegun gure seme-alabei hasieratik. Horretarako, gomendagarria oso hurrengo Nabarralderen artikulua: https://nabarralde.eus/es/euskara-genocidio-y-memoria-en-navarra/.
Bestetik, IƱaki Iurrebaso soziologoaren doktorego tesiari esker, badakigu, gaur egun, hizkuntza-gaitasuna dela gure ahulgune nagusietako bat, eta ez erabilera (ARGIAko elkarrizketa honetan ikusi: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2818/inaki-iurrebaso). Gure hizkuntza-komunitatearen bizi-nahiaren seinale garbiak badirela dio, baina euskarak sozialki nagusi dituen eremuak (arnasguneak deituak) oso txikiak direla, gehiengoa erdal eremuetan bizi baita.
Euskararen berreskuratze lanerako helburuetako bat arnasguneak handitzea bada, politika sozial egokiak beharko dira, arnasguneetako udalerriei baliabideak kenduz (medikuak, esaterako) edo Urdaibaiko Guggenheim makroproiektua bezalako ekintzak bultzatuz, arnasguneak ahultzera baino ez bait goaz.