Hasierak eta asmo berriak
Lo gehiago egitea, mobila gutxiago erabiltzea, erretzeari uztea, gehiago irakurtzea, argaltzea, kirola egitea, gimnasiora joatea, jarduera berriren batean izena ematea, aurreztea, ume bat izatea… Urte berriarekin batera, asmo eta helburu berriak daude beti. Batzuentzat urte hasierak ez du ezer suposatzen, bizitzarekin lehen bezala jarraitu, eta kitto. Baina beste askorentzat, esperantza, ilusioa, gogoa, aldaketa eta horrelako beste esanahi asko ditu estreinatu berri dugun urteak.
Erronka berriak, helburu altuagoak, helburu anbiziotsuagoak eraikitzen hasteko gogoa, eta –zergatik ez– gustatzen zaigun eta zoriontsu egiten gaituen guztiarekin jarraitzea nahi dugu. Iaz lortu genituen ohitura onak ez galtzearena (lortu izan baditugu, noski..). Baina hori guztia intentzioan gera daiteke, eta egindako asmo berrien lista hortan gelditu, aurreko urteetan bezala, hantxe idatzita…
Duela urte batzuk gogoratzen dut Iñaki Perurenarekin hizketan nengoela berak esan zidala: «Bizitzan beti gaude zerbait gehiagoren nahian, zerbait lortu eta hurrengoa nahi dugu, gehiago, baina ez gara konturatzen batzuetan ez dela etortzen nahi dugun hori eta bitartean bizitza badoala, gure begien aurretik joaten dela konturatu ere egin gabe eta momentuan daukagun hori behar den bezala ez dugula apreziatzen».
Zer pentsa eman zidan Perurenak esandakoak: ez diogu baliorik ematen daukagunari, beraz, ez dugu daukaguna baloratzen. Beti nahi dugu gehiago, edo beste zerbait… Ordutik, nere asmo berrien lista guztiz aldatu zen. Helburu berriren bat gehitzen dut, ia beti berdina (kirol gehiago egin edota erosketa gutxiago, jaja…), baina garrantzitsuenak, edo behintzat listaren hasieran doazenak, ezberdinak izaten hasi ziren: etxekoekin egon, lagunekin kontaktua izan, daukadan lana izaten jarraitu, bidai bat egin familian, nagoen bezala egoten jarraitu! Hori da eskatzen diodana urte berriari, betiere, zerbait berria gehituta… Baina neure buruari gehiegi eskatu gabe.
Zalantzarik gabe, ahalegina, dedikazioa eta pazientzia handia behar dira helburuak lortzeko. Baina, ordea, beteta ditugunak edo jada gurekin ditugunak eta ondo sentiarazten gaituztenak egiten jarraitzeko ahalegina normalean ez da hainbestekoa izaten, gogoratu baino ez dugu egin behar hor daudela eta on egiten digutela.
Hala ere, asmoak asmo dira. Eta urtea aurrera doan bitartean konturatzen gara, batzuk ez ditugula bete, ez daudelako gure egunerokotasunean edota ohituretan. Baina horregatik ez dugu zigortu behar geure burua, ez dugu egin, eta kitto!
Ondo dago geure buruari erronkak, helburuak eta asmo berriak jartzea… Hasteko, hobetzeko… Baina ez ahaztu, garrantzitsuena daukagunarekin konforme egotea dela, horrek egingo gaituelako zoriontsu eta ez lortzen ez dugun horrek.