Hauteskundeak
Espainiar Senatu eta Kongresurako hauteskundeak pasatu berri ditugu eta, nola ez, estatu eredu territoriala eta soziala eztabaidagai egon dira berriro ere. Eskuma/ezkerra, Espainia bakarra/plurinazionala/Estatu berrien sorrera… Honarte, kanpaina konbenzional –eta zergatik ez, errepikakor– bat izan dugula esan genezake. Baina azken urteetan hauteskunde kanpainek (eta politikarien diskurtsoek orokorrean) badute ezaugarritze berezi bat, berau bizitzeko modua guztiz baldintzatu duena; sare sozialen bilakaerak eta eskuinaren diskurtsoen zilegitzeak, kanpainak inoiz baino bortitzagoak izatea ekarri dute. Beldurra ta gezurra bilakatu dituzte diskurtso nagusien ardatz.
Eskuinaren gehiengo batek garena bera ere ukatuko digun eszenatoki baten beldurrak ezaugarritu du, azken kanpaina gurean. Emakume euskaldun gisa izututa egoteko moduko panorama irudikatu digute. Parametro frankistetan oinarritutako eredua, hain zuzen ere; España banaezinean oinarritutakoa, berdintasun politiken beharrik ez duena eta pertsona zaurgarriak bota, preso sartu edo ezkutatuko dituena… Egia da faxismoaren mamuaren komodina zaharra dela gurean, baina herri honetan espainiar faxismoari zaion beldurra ez da beste lekuetan bizi denaren modukoa, herri honek jasandako errepresioa ez delako izan estatuko beste lekuetan bizi izandakoa inondik inora ere.
Honengatik guztiagatik, urduri eman nuen hauteskunde eguna bera, eta ez dut ukatuko beldur puntu batekin eseri nintzela telebista aurrean, ohiko etxeko gau elektoralari hasiera emateko. Parte hartze datuez hitz egiten hasten dira medio guztiak, zortziretan ez daukagu beste zifrarik eta. Datuak ematerakoan jendartearen parte esanguratsu batek, hemen bizi, lan, kotizatzen eta kontsumitzen duen arren bozkatzeko eskubiderik ez duela aipatu ere ez da egiten, guztiok asumitzen dugun errealitate bat izango balitz bezala. Bitartean, posta bidezko bozkak nola egin duen gora ikusten dugu, eta Hego Euskal Herriko datuei begira, gurean udan zenbat eta zenbat dauden oporretan pentsatu dut.
Ta bozkatzeko ezezik, oporretan joateko ere guztiok ez dugula eskubide berdina ondorioztatu dut. Hasi diru kontuegatik joan ezin direnak, eta Lanbideren jazarpen estrategia medio, diru laguntza ez galtzearren etxean geratzen diren familietaraino. Ta konturatu naiz, espainiar faxismoa etortzeko beldurrak itsututa, etxean ditugun ardiz mozorrotutako otsoak direla gurean bigarren mailako herritarrak sortzen dituena, zein herri gisa zor zaigun erabakitzeko eskubideari trabak jartzen dizkiona. Ta lasaitu ez, baina perspektiba irabazi dut ariketarekin eta hauteskunde eguna uste baino ohikoagoa izan dela konturatu naiz.