Hego Ameriketatik ikasten
Posmodernitate eta soziokonstrukzionismoak jarrera eszeptiko batetara gonbidatzen gaituzte. Batik bat, ezarritako egiak zalantzan jartzeko ateak zabaltzen dizkigute, eta horiek erabilgarriak eta guztiontzat onuragarriak ote diren galdetzen digute.
Ariketa horri ekiteko era oso interesgarri bat beste herri, kultura, jendarte batzuetan egoera berdintsuari nola begiratzen zaion ikustea da, gure herrian, kulturan, gure artean eraiki dugun interpretazioa eta erantzuna hain egokia den alderatzeko.
Zentzu horretan, gaur gaurkoz interesgarria iruditzen zaidan ikuspuntu bat partekatu nahi dut zuekin. Argentina/Uruguay aldetik dator eta honela dio:
Ezarri den osasun eta gizarte egoeraren aurrean gure herrian neurri jakin batzuk hartu dira; goitik behera. Herritarrek neurriok onartzeko behin-behineko egoera bat dela azaldu da, nahiz eta behin-behinekotasun horrek gero eta luzeagoa dirudien; gauzak ondo eginez gero, laster bueltatuko garela gure lehengo bizitzara, ulertarazi digute, hain zuzen. «Gauzak ondo egitea» zer den dagoeneko inork ez dakien honetan (txertoa jarriko dut NIRE txertoak ZU babesten zaituelako edo hainbat aldiz aipatu diren arriskuak kontuan izanda ez dut jarriko? Musukoak zentzurik al du bakarrik txango bat egitera noanean? Eskuak uneoro gelez garbitu behar genituen kutsadura saihesteko, baina duela gutxi Elhuyarreko zientzia komunikatzaile famatu bati entzun nion bezala, birusa ez da kontaktu fisikoarekin kutsatzen; supermerkatura sartzen naizen bakoitzean, ordea, eskuak gelez garbitzera behartzen naute….. zerrrrr%$&”?!?) ahalik eta arinen lehenengo bizitzara bueltatu nahi dugu eta gehienetan ingurukoen akatsak egiten ditugu hori ez lortzearen arduradun.
Gorago aipatutako Hego Ameriketako herrialde horietan, aldiz, antzeko neurriak ezartzen saiatu dira; goitik behera. Behin-behineko egoera dela ulertzera eman da neurrien beteketa aproposa zein litzatekeen argitu gabe, gurean bezalaxe. Baina, gurekin alderatuta, han ez dute lehengo bizitzara bueltatu nahi. Egunero omen daude bizitza bizitzen, bizitza aurrera ateratzen eta ezin dute behinik behin eten. Hortaz, ez dute albokoa erantzule egiten «neurrien» ezarketa luzatzeagatik (komatxo artean jartzen ditut bertako «neurri» horiek, dagoeneko neurriak direla ere ezin esan daiteke eta gizarteak berak baliogabetzen dituelako).
Eta ez da han ez dutela bizitza baloratzen; bizitzek ez dutela hemen haina balio. Haatik eurei, guri ez bezala, lehengo bizitzara bueltatzearen promesak, ez die irudi eroso eta oparo bat iradokitzen. Horregatik, egunean egun bizitza aurrera ateratzen jarraitzen dute, elkarri eutsita.