Hel diezaiogun, behingoz, herri honek behar duen eskolari
Ibilaldiaren azken prestaketen itolarritik burua atera eta, gaur –orain astebete– Herri Urrats dela konturatu naiz. Zenbat oroitzapen: egun berezia izaten zen gurean. Bi orduko bidaiari ekiteko autobusetan sartu eta segituan hasten zen gurasoen arteko zurrumurrua: «Ekarriko zenuen DNIa ezta? Eta umeena?…» Muga madarikatua! «¡Buenas! Saquen sus DNIs o pasaportes». Ai eneeee!
Bereizten gintuen muga berak batu egiten gintuen hango eta hemengo euskaldunak. Gure gurasoen ametsa egunen batean eskola euskalduna eta librea izatea zen; ez Frantziakoa ez Espainiakoa, Euskal Herrikoa. Eta amets hori geuri ere barru-barruraino sartu ziguten. Barruak bultzatu nau, gaur, hau idaztera.
Kezkaz bizi dut gure herrian hezkuntzak jasaten duen egoera. Are kezka handiagoz zenbait sindikatu, eragile etab.en eskutik zabaltzen ari diren hainbat diskurtso. Diskurtso horiekin espainiar eta frantziar markoak indartu eta geurea kaltetzen dutelakoan nago. Denbora gehiegi eskaintzen diogu nork bere hezkuntza proiektua defendatzeari –korporatibismoari–, gutxiegi, ordea, herri honek behar duen hezkuntza sistemaz hausnartzeari. Bitartean, galtzaile bakarrak geure umeak eta herria dira.
Datuek diote euskararen erabilerak beheranzko joera hartu duela, eta hezkuntzan euskal kulturaren transmisioan gero eta epelago gabiltzala. Horri gehitu beharko genioke, XXI. mendeko erronkei pasa den mendeko tresnekin erantzuten ari garela. Umeak, merkatu lehiarako bakarrik prestatzen ditugu: PISA, diagnosi frogak edo selektibitatea modukoekin haurren ongizatea eta gaitasuna mugatzen ari gara. Bestalde, euskalduna ez den beste kulturetatik datozenei euskaldun moduan bizitzeko baliabideak emango dizkien eta aniztasuna arazo baino indargune bihurtzen jakingo duen hezkuntza sistemarik ez daukagu. Gizarte kohesioa sustatzetik urrun dago gure eskola. Zergatik hori guztia? Gurea ez den curriculumak eta arauek gidatzen gaituztelako. Behingoz, onartu beharko genuke gaur daukagunak ez digula balio herri libre, jendarte aurrerakoi, feminista, osasuntsu eta alai bat eraikitzeko. Eta ondorioz, arreta osoa jarri geure hezkuntza sistema propioaren eraikuntzari.
«Zelako Euskal Herria izan nahi dugu? Eta horretarako zelako eskola behar dugu?». Galdera horiek dira erantzuten hasi beharko ginatekeenak. Abiapuntua, behintzat, argi: Euskaldunon bihotz, buru eta begietatik ariko dena; haurra erdigunean jarriko duena; jendartearen ongizatea eta zoriontasuna lehenetsiko dituena.
Haien ametsak orain gureak dira. 2019ko Euskal Herrian guztion artean marraz dezagun herri honek behar duen eskola publiko eta burujabea. Horretarako gai bagara, bakoitzak beretik eta guztiok batera, egingo dugu bidea!
–Ibon Goitia Bereikua. Lekeitioko Azkue ikastolako zuzendaria.