Heldu deserosotasunari
Gure aita ez zen erraz harritzen zen horietakoa, baina ondo gogoratzen dut zeinen beldurtuta hitz egin zidan Yuval Noah Hararik Homo Deus liburuan egin zituen etorkizunerako iragarpenak partekatu zizkidanean, mikrotxipak, errobotak eta biologia genetikoa tarteko.
Azken egun hauetan nik ere irakurri ahal izan dut zer edo zer Félix Vázquez, Bartzelonako Unibertsitateko irakasle baten 2001eko liburuan gizateriarentzat teknokrazia horrek ekarriko dituen ondorio latzen inguruan.
Eta aurreko biei lotuta, ikusi al duzue Jordi Pigem filosofo kataluniarrari pandemiaren inguruan egindako elkarrizketa? Goiko autoreen bide berberetik gizarte bezala daramagun garapenak pertsonei autonomia, askatasuna eta sorkuntza ahalmena kentzen digula ondorioztatzen duen hori?
Ez dakit autonomia edo askatasun falta horregatik izango den baina une honetan guztiok hurrengo esaldiarekin bat egingo genukeela apustu egingo nuke: azken bi urteetan, aurreko garaian baino erabaki gehiago deserosotasunez hartu behar izan ditugu. Bizipen hori batzen gintuenaren sentsazioa jaio zen nigan aurreko astelehenean, eskolatik kanpo euren seme-alabekin koronabirusa dela eta nola jokatzen ari ziren beste guraso batzuen aurrean justifikatzen ikusi nituenean.
Erabakiak uneoro hartzen ditugu. Pentsa dezagun era errazean hartu dugun erabakiren batetan. Zergatik izan zen horren erraza erabaki hori hartzea? Zerk lagundu gintuen erabakia hartzera?
Orain, erabaki zail batengan pentsa ezazue. Zeintzuk elementuk zaildu zuten hautua? Nola sentitu zineten erabakia hartu ostean? Eskura dugun informazio kopurua, informazio honen fidagarritasun eta koherentzia maila, aukera egiteko tartea, aukera hori kontrastatzeko eta kontrajartzeko balizko iritziak, erabakia hartu ostean honen ondorioen kontrol maila… eta bestelako aspektu askoren inguruan hausnartuko zenukete seguru asko nire galderei erantzun bat ematen saiatu bazarete.
Tom Andersenek ideia eta jarrera ederrak asmatu zituen terapiarako deserosotasunetik. Deserosotasunaren umiltasuna aldaketarako indar paregabea da. Heldu deserosotasunari hobekuntzen alde!