Heldu dira jaiak
Batzuetan arin joan da denbora, beste batzuetan astiro; edo batzuentzat arin eta beste batzuentzat astiro. Nolanahi ere, itzuli da «normaltasuna». Tira lehengo normaltasuna gerra bat gehiagorekin (eta….. dira), aberatsek dagoeneko diruarekin zer egin ez dakitela irabazten ari diren guztiarekin, lehengo normaltasunean hil bukaerara hestu-hestu heltzen zirenak oraingo normaltasunean itotzear…
Eta normaltasun berriarekin, jaiak ere itzuli dira. Inguruotako lehenak gaurko Ajangizko kontzertuarekin. Hasi. Lehenago hasi dira, baina aurreko egunak herriko jendearentzat izan dira nolabait esatearren. Ostiraleko kontzertua, ordea, inguruotako herri eta herrixkatako gazte, gaztetxo, heldu… parranda nahi duen edonorentzat.
Ajangizko kontzertua, inguruotakontzat, «iniziazio» errito baten antzekoak dira. Lehenengo jaiak. Ez urte sasoiko lehenak izaten direlako, baizik eta beraien bizitzako lehenak izaten direlako. Lehenengo mozkorraldia ere hor izaten dute askok, baita lehenengo maitasun kontuak.
Bi urte eta gero, atzerapenez eta gogoz hartuko dute zai eta zai egon diren gaztetxoek. Orain dela bi urte «tokatzen» zitzaien, baina ezin. Iaz ere, ezin. Eta aurten, aurten bai. Aurten jaiak, lagunak, algara, barreak, dantzak…
Normaltasuna deritzoten horra hulbiltzen gabiltza apurka-apurka. Eta normaltasun horetan gero eta sarriago ematen dira besteenganako jarrera bortitzak; askotan sexu eta generoari lotutako jarrera bortitzak; erasoak, bortxaketak…
Lehen ere gertatu gertatzen ziren, gehiago edo gutxiago, baina isilpean gordetzen ziren, edo lagun artean, lotsaren lotsez; edo ezinaren ezinez. Orain badakigu, jakin beharko genuke, ez dela lotsarik egon behar halakoetan eta ez dela ezinik egon behar holakoetan.
Lehen jaiak dira bi urteotan bai, eta horrela hartu behako ditugu, ondo pasatzeko egunak bezala. Eta norberaren ondo pasatzea ezin da inoiz beste baten bizitza izorratzea izan. Etorri, ondo pasatu eta elkartasun brindis bat oraindik etorri ezinik dauden guztiengatik.