Heriotza ikuspuntu postmodernotik
Bizitzan tokatu zaidan kultura eta garaian heriotza bizitza biologikoaren amaiera bezala ulertzen da. Norbaiten bizitza bukatzen denean dolua pasatu behar dugu hurbilekoek, psikologoek ondo bereizi dituzten fase batzuen arabera. Nahiz eta heriotza inguratu ohi duten erritu sozialetan aldaketa batzuk egon diren, errituok dolua eramaten laguntzen digutela ulertzen jarraitzen dugu. Doluak erritu horiek mugatzen duten gutxi gorabeherako iraupen bat izan ohi du.
Urteak dira heriotza ulertzeko beste era batzuen bila ibili naizela. Nola interpretatu da bizitzaren gertakari hau beste garai eta kultura batzuetan? Horrela jakin izan dut Mexikon, esaterako, bizirik dirauela hildakoak ongi etortzeko azaroko ohitura: gustukoen zituzten jakiak prestatzen zaizkie, etxea garbitzen da euren bisitarako… Heriotza ez da ahaztu edo ezkutatu beharreko zerbait, hildakoen bizitza ospatzen jarraitzeko aski arrazoi baitaude. Aldi berean, arazo baten aurrean hildakoen laguntza eskatzen da berau gailentzeko.
Ez dakit Enrique Costa eta Jesus Garciari zorrotz sinistu behar diedan bizitzaren paranoiaz hitz egiten dutenean. Alegia, Mendebaldean ez zitzaiola bizitzari gaur egun duen balioa eta garrantzia eman Bigarren Munduko Guda. Baina Kunderarekin bat nator «gure erlijioa bizitzaren goraipamenean datza» idatzi zuenean.
Hala ere, aspaldi honetan garrantzitsuak eta hain garrantzitsuak egiten ez zaizkidan doluetaz hausnartzen nabil. Nola zelula hilez osotutako oilaur bat erortzen zaidanean bost axola zaidan eta nola bekokia inoiz leunduko ez diren arrakalez beteta ikusten dudanean ziurrenik bizitzaren erdia edo gehiago aintzinean dudala konturatzen naizen.
Lehen aipaturiko hurbilekoen heriotzetara joz, duela gutxi hurrengoa idazten nuen: «Heriotzak erantzunik gabeko galdera mordoekin uzten gaitu. Ez misteriotsua delako, baizik eta galdera horren erantzunaren zentzua osatzeko falta den bestea behar dugulako».
Eta galdera misteriotsu batekin bukatzeko: Michail M. Bakhtinek adierazi zuen bezala, heriotza ulertzeko dugun modu honetan paradoxa galantan sartuta gaude. Izan ere, pertsona bakoitzak gorputz bat dauka, hasiera eta amaiera zehatzak dituen gorputza, hain zuzen. Baina pertsonak ez gara gorputzak soilik, kontzientziadun gorputzak gara. Paradoxa hurrengoa da: Beste batzuk jaiotzen eta hiltzen ikus gaitzakete; ordea, nire kontzientzian «nik» ez dut nire heriotza ezagutuko. Non dago, hortaz, kontzientziaren hasiera eta bukaera?