Hurbileko musikariak
Idatzi honen helburua nire bizitzan ezagutu ditudan musikari batzuk gogoratzea da. Umetan komentu batera joan nintzen,eta beste komentu gehienetan bezala musikak garrantzi handia zuen; bai musika gregorianoak, bai polifonikoak. Erlijioa musikaz lotuta zegoen. Otoitz orduak musikaz laguntzen ziren. Elizkizun nagusiak, jai handienak, organoaz, eta beste elizkizunaz, armonioaz.
Komentuetatik pasatu ez direnak ez dute gehiegi ezagutuko zer den organo bat eta gutxiago zer den armonio bat. Hala ere, Euskal Herriko herri guztietako elizetan ez badago organoa, ez da faltako armonio bat. Baina musika-tresna hauek ez dira gehiegi ezagutzen, elizetara joaten direnentzako ere ez direlako leku agirienean aurkitzen. Gu berriz, komentuan, egunero geunden beraien gainean, eta batzuk gaztetatik musika tresna hauek ikasten hasi ginen, pianoaz hasita.
Garai haietan, komentuan musikari asko ezagutzeko aukera izan nuen. Batzuk Kongregazio edo Ordena barrukoak eta beste batzuk, bisitan edo kontzerturen bat ematera etortzen zirenak. Kanonigoen artean musikari ospetsuena Aita Madina izan zen. Bere Aita Gurea abesbatza gehienak abesten dutena, zirraragarria da, baina bere produkzio musikala, ez hain ezaguna, oso aberatsa eta ederra da.
1960.en hamarkadan, Euskal Herrian, modan jarri ziren otxoteak eta beraien arteko lehiaketak. Deigarria zen, nola talde gehienek Madinaren obrak aukeratu eta interpretatzen zituzten. Bere herriko Irrintzi otxotea izan zen Madinaren propagandista hoberena, txapelketa guztietara bere obrekin azaltzean, eta batean garaipena lortuz. Oñatiar musikagile handiaren obren gatz eta piper bereziak otxote guztiak erakartzen zituen.
Bere garaikide eta adiskidea izan zen nire osaba Luis Malleak, Buenos Airesen Lagun Onak abesbatz ospetsua sortu eta zuzendu zuen. Biek, batak musikagile eta besteak bere abesbatzaren bidez, lan bikaina egin zuten Argentinako hiriburuan.
Ordena berdineko beste musikari ospetsua Julian Sagasta Erromako Santa Maria basilikako organojole titularra izan zen. Baina, niregan eragin zuzena izan zutenak Julian Zelaia oñatiar organojolea eta komentuko beste kide batzuk izan ziren, nire anaia David tartean,nahiz eta izen handirik ez izan.
Bisitan edo kontzertu bat ematera etorritakoen artean, Nicanor Zabaleta, garai hartan munduko harpa-jotzaile hoberenaren bi kontzertu hunkigarriak aipatu beharrean nago. Bere aita, Oñatiko Kanonigoen komentuan ikasle izana zen, eta Gabonetan, urtero, bakailoa oparitzen omen zuen. Horregatik, Nicanorrek adiskidetasun berezia zuen Madinakin batez ere. Honek obra eder bat oparitu zion harparako.
Obra horren edertasuna,organo bertsioa jotzen ari nintzela,deigarri gertatu zitzaien bi organojole ospetsuei: Bata, Bordeleko katedralekoa eta bestea, Jose Manuel Azkue, Donostiako Santa Maria basilikako titularra. Biek eskatu zidaten kopia bana.
Jose Gonzalo Zulaika Aita Donostia izenez ezaguna, eta Lizinio Refice italiarra ere, komentuan bisitan ezagutu nituen. Refice da Donostian hain erakargarria egin den Salve-ren egilea, eta Orfeoiak urtero abesten duena Santa Maria basilikan.
Bukatzeko, lau musikari lesakar aipatu behar ditut: Miguel Etxebeste eta Luis Taberna organojole bikainak, Pepito Yantzi soinujole trebea, eta Pascual Aldabe musikagilea.