Egiteko, izateko eta eragiteko ahalmena omen da boterea. Hitz egiteko ahalmena eta entzuna izatekoa, hitzak balioan jartzekoa, historia idazteko ahalmena eta errelatoak aintzat hartzekoa, aukeratzeko ahalmena, eta abar. Pribilegiatu eta pribilegio gabekoen arteko talka. Axioma filosofiko bereziak.
Historikoki jendarte multzoen arteko talka gisa irakurria, klaseak. Hauen gaineko hausnarketa paradigma eta marko berrien baitan korapilatu da. Botereak pertenentziazko talde hertsiei zegozkien lekuan –definitzeko erreferentziatzat soilik enplegua hartuaz, kapital ekonomikoak halabeharrez boterea izatea zekarren, pribilegio egoera– kapital mota eta eragin ahalmen modu ezberdinak identifikatuko dira orain. Honela, kapital ekonomikorik ez baina kapital kulturalez gainezka dagoen gazteria duen herria gara.
Eta hara non, agertuko ziren ere, emakume beltzen aldarriak, bakoitzaren gorputzean bertan, botere eta ahalmen ezaren konplexutasuna inprimatuko direla esanaz. Badaukagulako injustizia orokorraren kontzientzia bat baina bakoitzaren pribilejio eta ez pribilegioen gaineko irakurketa kritikoak beharrezko direlako. Norbera, izate soil batetik haragoko arkitektura konplexua dela ikusaraziaz. Bakoitza Ni konplexu baten artikulazioa dela, Gu askoren baitan botereak zehar lerrotuz.
Irakurketa hauetatik habitatuz, egiteko, izateko eta eragiteko ahalmena izan –ala ez– baino hobeto legokioke erabili aditza, esango digu Foucaultek. Eta eragiteko ahalmenaren erabilera gauzatzeaz ere jardungo da egun. Izan ere, a priori, izateak –klase pertenentziak– ahalmena ematen badu ere, kapital anitzek eta gutasun konplexuek, boterea erabiltzeko ahalmen hori egikaritzeak gutariko bakoitza zeharkatzen du. Ez al naiz ni bada pribilegiatu –ez al dut eragiteko ahalmena– mendebaldar naizelarik gure testuinguruan? Eta mendebaldar/ emakume/ gazte/ ez lodi/ langile prekario / formatu izanik? Istorioa edo errelatoa ez dator bat beraz gaizkileen eta onen irakurketa sinple orokorrekin.
Eta boterea erabilia den heinean, badu intentzionalitate bat. Jendarteak botere normala –araua– den hori ezarri eta gogorarazteko erabiltzen badu ere, erabilerak ez du zertan halabeharrez errepresiboa izan behar, bere baitan badituelako inzitazio eta produkzioa. Esaterako, izateko ahalmenaz, medikuntzan mutil gisa definitua izan den pertsonak neska bezala definitua izateko erresistentzian boterea erabiliko du. Edota kartzelan, presoentzat ahalmenik ezaren instituzioan, euskaraz aritzeak zirrikituen erresistentzian boterea erabiltzea suposatuko du.
Beharrezkoa suertatzen dena beraz, pribilegioen eta eragiteko ahalmenaren kontzientzia izatea da; honen intentzionalitatearen gaineko hausnarketa kontziente bat egitea. Gure pribilegioen ezjakintasun boluntarioan bizitzea injustua baita. Eta erresistentziak beste etika bat eta politika bat proposatuko du, bazterretatik, subalternitatetik eratorria den mundu ikuskera zentroan txertatzea, erabakitzeko ahalmenak demokratizatzea alegia.