Nobela bitxi horietako bat du eskuartean. Idazlea japoniarra tankeraz, azalean elefante bat igogailu batean. Gure interpretazio markoei astinaldi bat eta buru barneko azken konexioraino hotz uzten zaituzten eleberri horietako bat seguru aski, istorioz eta moduz. Edo, agian, ez.
Nik neureari. Arkatza eskuan prest kontzepturen bat, edo ideiaren bat, zirkuluan harrapatu eta betieretzeko asmoz, nabarmendu ezean eguneroko informazio gain jarioan galduko zaidanaren beldurrez. Momentuen antzera.
Badaramatzat hogeita lau liburu bide jada, busaren mugimendu eta leihoz kanpoko film geroz eta azkarragotik urrunduz.
Barka, baina oraindik, nire buru eta gorputzarentzat zailegi egiten da asimilatzea gaixotasun larriren bat duten pertsonek –ez ahaztu hau, pertsonak– tratamendu eta errehabilitazio aukerak etxetik hain urruti izatearen errealitatea
Zenbat liburu bide eramango ditu berak?
Bakoitzaren denbora berezia da. Baina batez ere denbora bizitzeko modu bereziak daude, bizitzen ditugunak, zeharkatzen gaituztenak, eramaten gaituztenak. Denbora bera ahitzen zaigu askotan ustekabean. Heltzen dira nahi baino gehiagotan ere, norbere oinarriak iraultzen dituzten katarsi puntuak, normaltasunean oharkabe gurutzatzen gaituen denboraren ulerkera berriro sentitzerainokoak, astinaldi bat eta barrua hozterainokoak. Eta agertzen dira orduan, liburu batzuen antzera, besteak baino astunago ezartzen zaizkigun denborak. Balizko ospitale hurbilenera bidean irakurritako –eta irakurri gabeko– hogeita lau liburu bide barnebiltzen duten denborak adinakoak.
Barka, baina oraindik, nire buru eta gorputzarentzat zailegi egiten da asimilatzea gaixotasun larriren bat duten pertsonek –ez ahaztu hau, pertsonak– tratamendu eta errehabilitazio aukerak etxetik hain urruti izatearen errealitatea.
Eta inbertituko ditugu askotan zentzugabeki indar nahiz aurrekontuak, konponduko ditugu bideak edo garraioak, azkartu nahiko ditugu ibilbide batzuk. Arazoari pertsona ikuspegiz begiratzea ahazten zaigun bitartean. Eta berdin joan beharko dira minbizia duten herritarrak Galdakao-Usansolo, Basurto edo Gurutzetara (!!!) kimioterapia saioak burutzera. Honek suposa lezakeen eta irudikatzeak beldurtzen nauen osasun gain karga guztiarekin. Saia jartzen egunerokotasun horretan, busean, azaleko elefantedun liburu kurioso eta guzti eskuan. Hozten duten eleberri horietako bat bizitzen.
Are astunagoa da, beraz, istorioa, denbora, ibilbidea, gorputza eta osasuna bizitzeko modua bera –haserretze zilegiak barne- sozialki justua beharko lukeenetik urruti ezarritako joko arauetan bizitzera mugatzen bagaituzte.
Eta bizitza guztiek berdina balio omen dute, ala ez, baina balio behar lukete, behintzat. Hasi beharko gara balio horren gorpuztean egunerokotasuneko politikez eztabaidatzen, kanpo nahiz barne interpretazio markoei behar adinako astinaldiak emateko nobela hori zirriborratzen.