Ez da berdina karratua izatea edo zirkulu forma izatea, ez da berdina herri bat ibai batez, trenbide batez edo autobide batez erdibiturik egotea. Ez da berdina etxeko espaziorik handiena sukaldearena izatea edo egongelarena edo logelarena –bakoitzak bizi estilo bat suposatzen du–, berdina ez den bezala etxe bat goxo mantendu ahal izatea edo baliabide ekonomiko nahikorik ez izatea. Ez da berdina Biriatun muga existitzea edo ez, berdina ez den bezala berau azal kolore batez edo bestez, edo ideia politiko batez edo bestez zeharkatzea. Espazioa ez da berdina atzo, eta ez da berdina gaur.
Espazioak pentsatzen ditugu, antolatzen eta eraikitzen ditugu, erabiltzen ditugu, betetzen ditugu edo hustu, eta egiten gaituzte ere. Espazioak bere horretan badira bizitza ulertzeko modu baten isla, eta hein berean, performatibitatez espazioek ere eraikitzen dituzte bizi modu ulerkera horiek.
Badago fabrika, antonomasiaz Lana ulertzen dugun hori egiteko espazioa, orduetako lanaldiz betetzen dugun espazio hori, espazio handiz konfiguratua eta makinekin partekatzen duguna, lan indarra saltzen den espazioa. Garai modernoak Chaplinen begiradatik, denbora(k) eta espazioa(k) ulertzeko moduak sortuaz. Goizean oraindik argitu ez duelarik, kotxean sartu, bidea egin, lan egin, atsedena, lan egin eta buelta bidez. Egin, ekoiztu.
Badira ez-lekuak, esango digu Marc Augek. XXI. mendearen isla diren ez-lekuak, espazio hutsalak, arrotzak beti hein batean, arraroak, signifikanterik gabeko guneak. Lanaldian ez gauden bestelako orduetan pasa egiten ditugunak, espazio horietatik pasa egiten bait gara, eta hori da espazio horien zentzua. Izan litezke merkatal gune handiak, baina baita aireportu, eta zenbait gune publiko. Sal-erosi logikatik hutsalera estutuak.
Badaude zaintza espazioak, bizitza erreproduzitzen diren espazioak, publikoagoak eta pribatuagoak. Enplegu bidez (gaizki)kontratatzen direnak edo kontratu sexuala oinarri populazioaren erdiak egin behar dituenak. Sistema eusteko beharrezko lanak erre-produzitzen diren espazioak. Eta horietara heltzeko beharrezko bideak, ibilbideak edo
interna-menduak, bestelako ordutegi gehiegitan amaigabeak. Zentralitatea beharko luketen espazio, eztabaidak, lanak eta denbora ulertzeko moduak.
Badira ere espazioa eta denbora ulertzeko –mundu aberats osora eta berehala etekin amaigabea lortzeko helburuz– abiadura azkarrena, modu indibidualean, denbora mugarik gabe eta tresna estankoenarekin egitea lortu duten espazioak: espazio birtuala(k).
Eta badira ere oroimen espazioak, espazio artistikoak eta espazio eza ulertzeko Oteizaren modu artistikoak, badira gobernantzarako espazio hurbil eta urrunegiak, badira… esan nahi eta funtzio anitzez jositako espazioak, egunerokoak.
Eta beraz, ez dira berdinak erosteko ahalmen handiak biltzen dituzten auzo espazioak eta prekarizatuak, berdinak ez diren bezala espazio horiek erabiltzen dituztenen ordutegi, ibilbide eta beharrezko zerbitzu publikoetarako aukerak. Ez da berdina kale nagusiak oinezkoentzat edo kotxeentzat eraikitzea, kale horiek Nueva España edo Kantoipe izendatzea -edo ama birjinarenak ez diren emakumeren baten izena eramatea-, espazio publikoetako eserlekuak kolektiboak izatea edo banakakoak, espazio egokituak izatea mugikortasun modu ezberdinei –edo ez-. Ez da berdina eliza katoliko kristauen dorreak herri paisaia ortzi mugan protagonista izatea edo… meskita batenak? Espazioa ez da berdina atzo, eta ez da berdina gaur.
Nolako espazioak eraikitzen ari gara? Eta beraz nolako gizartea? Non daude espazio horiek? Nolako protagonismoa eta egokipena dute? Nork eta nola erabiltzen dituzte? Finean, nolako bizi ereduak eraikitzen ditugu? Fisikotasunek edo birtualitatetik eragiten dute –eragiten dugu– mundu sinbolikoaren definizio propio bat, eta alderantziz. Inkontzientzia boluntarioa injustua da honetan ere, erreprodukzio hutsak sistema egiten du. Baina modu berean, mundu sinboliko horren erabilpenez krak bat eragiten ahal dugu, erabiltzen ahal ditugu
bestelako hori(ek) eraikitzeko, edo basa-mortu bilakatu arte hiltzen utzi. Bakoitzak atera ditzala kontuak.
Ez da berdina espazioa bat izatea, edo ez izatea. Virginia Woolfek gela propioaren beharra aldarrikatu zuenetik, gela kolektibo propioak sortu ditugunaren gaur honetan –Zoixonak Etxelila bide batez!– Geure artean elkar topatzeko, deseraikitzeko, elkarrekin norma-litatearen mugak apurtzeko bizitzetaz amesteko, zerbait justuagoa izango dena eraikitzeko espazioen praktikak bultzatzea ezinbestekoa izango da. Maila txikiago edo handiagoan, izan gela bat, edo izan herri propio bat.