Ieup!
Santa Eskeak badu nahikoa indar Mutrikun. Urtez urte talde ederra elkartzen da ohitura zaharrak agindu gisan herriko denda, taberna eta baserriak kantuz betetzeko asmoz. Urteko egun berezi horietakoa izaten da askorentzat, tartean niretzat. Txikia nintzela irten nintzen lehen aldiz aitonaren eskutik, eta geroztik ia hutsik egin gabe eutsi diot urteroko zitari.
Baserriko taldeetako batean ateratzea egokitu zait aurten, gazteenak bederatzi urte zituen, ez naiz zaharrenaren adina esatera ausartuko, baina ziur hark bederatzi urte zituenean egiten zen Santa Eskeak asko zuela diferentetik.
Adibide gisara esan genezake aurten 53 urte bete direla lehen aldiz emakumeak Santa Eskean atera zirenetik, eta, geroztik ere egin dira aldaketak, ohiturak ohitura izaten jarraitzeko ezinbestekoa baitu moldatzea, aldatzea eta egokitzea. Baina oinarrian hortxe dirau, bere gona, makila eta txapel, bere trikiti; bere pandero, poltsera eta koplari. Estribilloa aldatuta, kantu kideak gaztetuta, baina oraindik ere Santa Eskean.
Azken urteetan herriko kultur talde eta eragileentzat izan ohi da kantuan ateratako dirua. Aurtengoan, gaztetxoen bertso eskolari bultzada emateko asmoz atera gara lurra kolpatzera. Izan ere, tradizio batek jarrai dezan ezinbesteko baldintza da oinordetza eta jarraipena izatea. Ostiralero elkartzen da bost bat laguneko talde txiki bat Luardoko ganberan, asteak utzitakoa zortziko txikietan laburtzeko. Bederatzi eta hamabi urte bitarteko gaztetxoak, aste osoan etxeko lanetan buru belarri ibili ostean hitzekin eta kantuan jolasteko gogoz. Ez da beti erreza tradizioa traizionatu gabe belaunaldi berrien gozagarri izatea, baina lortzen denean ederra da iraunaraziko dutela jakitea.
Ez dakit diru asko edo gutxi bildu genuen herriko bertso eskola gaztearen alde, baina, egia esan, berdin du. Gaztetxoenei ohitura ezagutarazi genien, eta gainerakoei bertso eskolaren berri eman, eta finean horixe zen helburua, elkar ezagutzea eta elkarren berri izatea.
Batek daki zein aldaketa ekarriko dituen Santa Eskera belaunaldi berri horrek. Agian gu aldatzera ausartu ginenak ere aldatuko dituzte berriro, eta hala izan bedi. Bitartean, Santa Eskea birpentsatzen, ezagutarazten, gozarazten, eta, batez ere, gozatzen jarraituko dugu aurrekoek egin moduan geuk ere. Ez baitago kopla zaharrak aho berri eta berrituetan entzutea bezalakorik. Aupa zuek!