Instituzioak ala herri boterea?
Azken hamarkadetan, gizartea indibidualizatzea izan dute helburu enpresa eta boteretsu handiek. Gazteen kasuan zer esanik ez, guztiz atomizatuta beraien bizitza digitaletan. Aisialdia eta bizitza sozialaren zati handi bat Internetera bideratu da. Eguneroko okupazioek, entretenimendu sistema modernoek eta batez ere soldatapeko lanak, guztiz isolatuta utzi gaituzte, konektatuta, baina ingurukoekin egiazko konekxiorik gabe. Hau da beraiek nahi dutena, gu langile eta kontsumitzaile sutsuak izatea, gure bizitzak eta etorkizuna erabakitzen dituzten bitartean. Indibidualismoak eta pasibitateak ondorio larriak ekarriko dizkigu. Herri organizazio faltak, dena instituzioen esku uztea suposatzen du, horixe da tendentzia, dena udalak edo gobernuak antolatzea. Ongizatearen eta segurtasunaren izenean Estatua botere asko ari da hartzen azkenengo urteetan.
«Politikariek egiten dute politika, zu joan lanera eta ikusi Netflix». Horrela desorganizatzen da herri bat, horrela egiten da menpeko, instituzioetatik harago ezer eraikitzeko gaitasunik gabe. Lanak, ikasketa akademikoek… denbora gehiegi kentzen digute, beraz, askotan ez daukagu astirik beste ezertarako, ezta pentsatzeko ere. Buruzagiek ederto dakite hau, horregatik nahi gaituzte lanpetuta edo entretenituta, Instagramen mila jarraitzailerekin, baina bakarrik. Guztiz ohitu gara gizartean dugun «funtzioa» betetzera eta gainontzekoa delegatzera. Komodo sentitzen gara zergak ordainduta dena egin behar digutela pentsatuz, baina erosotasun hori guganako kontrola da.
Herri eta kultura askok duten altxor handienetariko bat elkarlaguntzan edo auzolanean proiektuak aurrera ateratzeko gaitasuna da, herritik herriarentzat, ekintza zuzenaren bitartez, bitartekorik gabe. Auzoak garbitzea, arazo kolektiboak konpontzea, elkar zaintza, zerbait behar duen auzokideari laguntzea… Tamalez galtzen adi diren praktikak dira hauek, jendeak uste baitu hori gobernuaren lana dela. Botere zentralizatu baten kontrolpean geratzen garenean, izugarrizko arriskua daukagu askatasun apurra galtzeko, aurreko urteetan Markina -Xemeinen ikusi dugun bezala, botere guztia egolatra baten eskuetan jarrita.
Komunitate indartsu bat herritarren artean sortutako sareetatik hasten da. Herriak ikusi beharra dauka sortzeko eta suntsitzeko duen gaitasuna, eta batez ere garrantzitsua da ulertzea gobernuan daudenak ez dutela gugaitik lan egiten, gu menpean izateko baizik. Egunen batean egiazko aldaketa bat sortu nahi baldin badugu, auzokideekin izango da, ez politikariekin, hauek botere handien zerbitzura baitaude.