Irabazi dugu, herria gara
Bolibarko herria txukun ta alaia
Zenbat denbora askatasun nahian
Herria izateko borrokatu zara
Zorionak Bolibar!
2004ko azaroaren 30ean, duela 20 urte kantu hau kantatuz harrotasunez etorri ginen bolibartarrok Gernikako juntetxetik. Geuk ere ez genuen sinisten! Hainbat ukazio eta oztoporen ondoren, garaipena lortu genuen: Herria ginen. Astegun buruzuri batean autobus bete jende joan eta etorri ginen Gernikatik.
Ordutik azaroaren 30a ziortza-bolibartarron historian iltzatuta geratu zaigu. Ez da egon herri osoari horrenbesteko poztasuna eman dion gertakaririk. Guztiok poztu ginen bagenekielako herri osoarentzat ona izango zela desanexioa lortzea.
Hogei urte hauetan guztia ez da izan jaia eta ospakizuna, ordea. Zailtasun asko gainditu behar izan ditugu herritar moduan. Zailtasun hauetako batzuk Euskal Herria zapaldua delako jasaten ditugu. Honen aurrean, auzolanaren bidez, herritarrek musutruk egindako lan eskergaren bidez iritsi gara gaur egungo egoerara: bai udaletxea eukitzera eta bai bolibartarron komunitatea zaindu eta indartsuago egitera.
Herriko alkate eta alkateorde moduan geure harrotasuna erakutsi nahi dugu Ziortza-Bolibarko komunitatearen parte izateaz. Baina batez ere, harrotasuna sentitzen dugu herrrian era desiteresatuan egin den lan guztiarekin. Auzolanean musutruk aritu den jendearekin. Batzuk egun solteetan eta beste batzuk euren bizitzaren zati haundi bat komunitatearen zerbitzura ipinita. Gaur hemen jendearen lan militanteari leku bat egin nahi genioke; adierazi nahi genuke eurak barik ez genuela honelako ospakizunik izango.
Hau dela eta, guztiok eman behar diogu garrantzi handia herriaren aldeko lanari eta komunitatearen alde egiten den beharrari, bai herriko taldeetatik edo beste eragile batzuetatik. Honegatik hau diogu: komunitatearen alde lanean ari den jendea zaindu beharra dago.
Honegatik, jarraitu dezagun egiten guztion beharrak kontuan izango dituen herri bat. Herri aktibo eta parte hartzaile bat. Jendearen osasuna lehenetsiko duen herri bat. Praktikan era errealean komunitateko kideei aukera berdintasuna emago dien herri bat. Herri euskaldun eta parekide bat. Herriko umen eta belaunaldi gazteak lehen lerroan jarriko dituena. Bazterketa mota guztiak kenduko dituena eta kide orori komunitatean leku bat egingo diona. Desadostasunak entzuten jakingo duen herri bat.
Hau guztia indartu eta ospatzeko, etor zaitezte zapatu honetan Bolibarrera gure XX. Desanexio Egunera. Goizean hasita mendi irteera, luntxa, argazki erakusketa, eta musika kontzertua izango dituzue aukeran.
IRABAZI DUGU –HERRIA GARA