Jazarpenaren aurrean, utzikeria
Hezkuntza izugarrizko tresna da berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jendartea eraikitzeko. Baina baita ere, desberdinkeria transmititzeko, genero rolak eta estereotipoak zabalduz eta indartuz.
Badakit ikastetxe askotan lan bikaina egiten dela, hezkidetza programak era egokian lantzen direla eta kontzientzia feminista duten irakasleek matxismoari aurre egiten diotela. Baina ikastetxeak jendartearen parte diren heinean, batzuetan kezkagarriak eta harrigarriak diren gauzak gertatzen dira.
Egia da ikastetxeek ez dutela makila magikorik jendartean dauden arazo guztiak konpontzeko eta askotan hori eskatzen zaiela. Familia batzuen aldetik oztopo handiak dituztela eta askotan baliabiderik ere ez zaizkiela ematen. Baina kontuan hartuz pertsonak hezten ari direla, minimo batzuk bete behar dituzte. Batez ere, baliabideak dituztenean, hezkidetza programak esate baterako.
Ulertezina da adibidez eraso homofobikoak agerikoak direnean ikastetxearen aldetik ezer ez egitea, ezkutatzea eta beste aldera begiratzea. Erasotua babestu eta lagundu beharrean, «txikikeriak» edo «umeen gauzak» direla esanez garrantzia kentzea, ikastetxeak inolako erantzukizunik edukiko ez balu bezala. Argi dago ez dela ikastetxeen kontua bakarrik, familiek ere zeregin handia dutela eta azken finean, jendarteak ere zerbait egin behar duela. Baina ikastetxeetan gerta ohi diren erasoak gelditzea eta zigortzea ikastetxeari dagokio. Eraso fisikoak onartzen ez diren bezala, onartezina da homosexuala izateagatik jazarpena jasatea.
Izan ere, horrelako jokaerek adierazten dute erasotzaileak inpunitate osoa duela. Pertsona bat desberdina izate hutsagatik iraindu, umilatu, jazarri dezakeela eta ez dela ezer gertatzen. Are gehiago, batzuetan erasotua da bere burua babesteko ikastetxez aldatu behar dena. Eta hori oso larria da.
Horrelakoetan argi dago ikastetxeak huts egin duela. Erasotua babestu eta erasotzailea zigortu beharrean guztiz kontrakoa egiten baita, erasotzailea babestu eta erasotua zigortu. Gainera besteei, bereziki erasotzaileei eta erasotuei, ematen zaien mezua oso arriskutsua da.
Arlo batzutan itxurak egitea ondorio latzak ditu, batez ere jazarpena jasaten dutenak horrelako egoerei aurre egiteko baliabiderik ez dutenean. Azken finean, pertsonen bizitzei buruz ari baikara eta onartezina da ikastetxeek horrelako egoerak era egokian bideratzeko aukera dutenean ezer ez egitea eta zama guztia erasotuaren gainean uztea.
–Alazne Artetxe Egaña.